Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 10:13-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Gurpil haiei «Karroza» izena ematen zitzaiela entzun nuen.

14. Kerubinek launa aurpegi zituzten: lehena zezen-aurpegia zen, bigarrena gizaki-aurpegia, hirugarrena lehoi-aurpegia eta laugarrena arrano-aurpegia.

15. Kerubinek gora egin zuten (Kebar ibai inguruan ikusi nituen bizidunak ziren).

16. Kerubinek aurrera egitean, gurpilek ere aurrera egiten zuten haien ondoan, eta ez ziren haien ondotik aldentzen, kerubinek lurretik altxatzeko hegoak zabaltzen zituztenean;

17. kerubinak gelditzen zirenean, gurpilak ere gelditu; haiek gora egitean, gurpilek ere bai, izakiekin bat eginda baitzeuden.

18. Jaunaren aintza tenpluko sarreratik altxatu zen eta kerubinen gainean kokatu.

19. Orduan, kerubinak hegoak zabaldu, lurretik altxatu eta, neure begi aurrean, gurpilekin batera irten ziren. Jaunaren aintza tenpluaren ekialdeko ate-sarreran gelditu zen; Israelgo Jainkoaren aintza kerubinen gainean nabari-nabari zegoen.

20. Kebar ibai ondoan Israelgo Jainkoaren azpian ikusiak nituen izaki bizidunak ziren, eta ohartu nintzen haiek kerubinak zirela.

21. Lau kerubinek launa aurpegi eta launa hego zituzten eta, hegalpean, giza besoen itxurakoak.

22. Aurpegiak, Kebar ibai ondoan ikusiak nituen aurpegien antzekoak ziren. Zuzen-zuzen zihoan bakoitza aurrera.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 10