Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 9:16-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Erregearen gainerako eskualdeetan ere bildu ziren juduak beren biziak etsaiengandik babesteko; hirurogeita hamabost mila hil zituzten beren etsaietarik, baina ez zituzten haien ondasunak harrapatu.

17. Adar hilaren hamahiruan gertatu zen hau eta hamalauan atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.

18. Susako juduak, aldiz, hamahiruan eta hamalauan bildu ziren etsaiak hiltzeko, eta hamabostean atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.

19. Hona, bada, zergatik egiten duten jaiegun Adar hilaren hamalaua herri eta auzoetan sakabanaturik bizi diren juduek, otordu alaiak eratuz eta elkarri esku-erakutsiak bidaliz.

20. Mardokeok idatziz eman zituen gauza hauek eta Asuero erregearen agintepeko eskualde orotako judu guztiei gutunak igorri zizkien, nola urrutikoei hala hurbilekoei.

21. Adar hilaren hamalaua eta hamabosta urtero jai egiteko agintzen zien.

22. Izan ere, egun horietan iritsi baitzuten juduek bakea beren etsaien aurrean; hil horretan aldatu zitzaien egoera, atsekabea atsegin eta negarra bozkario bihurtuz. Egun horietan, bada, jai alaiak eta otorduak behar zituzten egin, elkarri erregaluak bidaliz eta behartsuei esku-erakutsiak eginez.

23. Juduek ontzat eman zuten, behin egina zuten hura ohitura bihurtzea. Honela idatzi zien Mardokeok:

24. «Hamedataren seme eta Agagen jatorriko zen Hamanek, judu guztien etsaiak, hauek galtzeko asmo gaiztoa hartu zuen. “Pur” edo zotz egin zuen, juduak hondatu eta suntsitzeko egunik egokiena erabakitzearren.

25. Esterrek, ordea, erregeagana jo zuen eta honek idatziz agindu zuen, Hamanek juduen aurka erabakia zuen hondamendia gerta zekiola berari; horrela, bada, Haman eta honen semeak urkabean zintzilikatu zituzten.

26. Horregatik deritze Purim egun horiei; “pur” hitzetik dator hori».Honela, beraz, gutun honetan esaten zitzaiena eta beraiek ikusi eta jasan zutena kontuan harturik,

27. juduek ohitura bihurtu zuten eta ontzat hartu, nola berentzat hala beren ondorengoentzat eta judu egiten zirenentzat, bi egun horiek urte oroz jai egitea, hutsik gabe, agindu horrek zioen egunetan.

28. Belaunez belaun, etxe, eskualde eta herri guztietan gogoratu ohi dira eta bete Purim Egun hauek eta ez dira juduen artean galduko; ez da ahaztuko ere inoiz oroitzapen hau judurik izango den bitartean.

29. Abihailen alaba zen Ester erreginak eta Mardokeo juduak Purim-ei buruzko bigarren gutun bat idatzi zuten, beren aginpide osoz lehenengo gutuna sendotuz.

Irakurri kapitulu osoa Ester 9