Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 9:1-14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren, hamahiruan behar ziren hots egin eta bete erregearen esana eta erabakia. Egun horrexen zain zeuden etsaiak juduak zapaltzeko. Egoera aldatu egin zen, ordea, eta juduek zapaldu zituzten beren etsaiak.

2. Asuero erregearen menpeko eskualde guztietan bildu ziren juduak beren hirietan, kalte egin nahi izan zietenak hiltzeko asmoz. Juduei ez zien inork ere aurre egin, jende guztia izuaren izuz baitzegoen.

3. Eskualdeetako buruzagiak, erregeordeak, gobernariak eta errege-funtzionarioak juduen alde jarri ziren, Mardokeoganako beldur-ikaraz.

4. Izan ere, handia zen Mardokeo erregearen jauregian, eta zabaltzen ari zen haren ospea eskualde guztietan; geroz eta ahaltsuago zen.

5. Beren etsai guztiak ezpataz jo, hil eta suntsitu egin zituzten juduek, lepoa moztuz eta sakailatuz. Nahi izan zuten guztia egin zieten juduek etsaiei.

6. Susa hirian bostehun gizaseme hil eta garbitu zituzten,

7-10. hauen artean Hamedataren seme Hamanen, juduen etsai izanaren, hamar semeak: Parxandata, Dalfon, Aspata, Porata, Adalias, Aridata, Parmaxta, Arisai, Aridai eta Baizata. Hala ere, ez zizkieten ondasunak kendu.

11. Egun berean jakinarazi zioten erregeari zenbat lagun hil zuten Susa hirian.

12. Erregea, orduan, honela mintzatu zitzaion Ester erreginari:—Susa hirian juduek bostehun gizaseme eta Hamanen hamar semeak hil eta garbitu baldin badituzte, zenbat hil ote dituzte erregearen gainerako eskualdeetan? Hala ere, beste zer nahi duzu eskatu? Emango dizut; zuk zer nahi, huraxe egingo da.

13. Esterrek ihardetsi zion:—Erregeak ongi baderitzo, utz diezaiela Susako juduei bihar ere gaurko aginduaren arabera egiten, eta zintzilika ditzatela urkabean Hamanen hamar semeen gorpuak.

14. —Egin bedi horrela —agindu zuen erregeak.Eman zuten agindua Susan, eta zintzilikatu zituzten Hamanen hamar semeen gorpuak.

Irakurri kapitulu osoa Ester 9