Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 7:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Joan ziren, bada, Ester erreginaren otordura erregea eta Haman.

2. Bigarren egun honetan ere, otordua bukatzean, erregeak esan zion Esterri:—Zer nahi didazu eskatu, Ester erregina? Emango dizut. Zein da zure eskaria? Erreinuaren erdia bada ere, beteko dut zure nahia.

3. Ester erreginak erantzun zion:—Begiko baldin banauzu, errege jauna, eta ongi iruditzen bazaizu, hona hemen zer nahi dudan: bizitzen uztea. Hona hemen zer eskatzen dudan: nire herritarrei bizitzen uztea.

4. Saldu egin baikaituzte ni eta nire herritarrak, hondatu, hil eta suntsi gaitzaten. Gizonak eta emakumeak esklabo saldu izan bagintuzte ere, isilduko nintzatekeen, ez baitzukeen horrek erregea nekaraztea merezi izango.

5. Orduan, erregeak galdegin zion Ester erreginari:—Nor da halako asmoak dituena? Non da hori?

6. Esterrek erantzun:—Gure zapaltzailea, gure etsaia, Haman duzu, maltzur-gaizto hau!Haman izutua gelditu zen errege-erreginen aurrean.

7. Erregea, haserre bizian, etzaulkitik jaiki eta jauregiko lorategira atera zen. Haman bertan gelditu zen, bizia salbatzeko Ester erreginari eskatuz, sumatu baitzuen erabakia zuela erregeak bere hondamena.

8. Erregea jauregiko lorategitik jangelara itzuli zenean, Ester zegoeneko etzaulkira makurtua zegoen Haman. Erregeak garrasika:—Gainera, erregina bortxatu nahi al duk neure aurrean, neure etxean?Horrenbestez, hiltzera kondenatua zegoen Haman.

9. Harbonak, erregearen aurrean zeuden laguntzaileetariko batek, esan zuen:—Hamanek prestatua du, hain zuzen, urkabea Mardokeorentzat, bizia salbatu zizunarentzat. Hamanen etxean dago eraikia, hogeita bost metro ditu.—Zintzilika bezate Haman bertan! —esan zuen erregeak.

10. Eta Mardokeorentzat prestatua zuen urkabean zintzilikatu zuten Haman. Orduan baretu zen erregearen haserrea.

Irakurri kapitulu osoa Ester 7