Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 4:1-8 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Gertatzen ari zena jakitean, Mardokeok bere soinekoak urratu, dolu-jantziz estali, burura hautsa bota eta hirian barrena ibili zen aieneka eta oihuka.

2. Erregearen jauregi aurrera heldu zelarik, gelditu egin zen, ezin baitzitekeen jauregian inor sar dolu-jantziz estalia.

3. Izugarrizko atsekabea zegoen, erregearen esanaren eta erabakiaren berri izan zuten eskualde guztietako juduen artean. Barau, negar eta aiene egin zuten eta haietarik asko zaku eta errauts gainean etzan zen.

4. Neskameak eta irenak Esterri joan zitzaizkion horren guztiaren berri ematera. Erregina erabat nahigabetu zen. Eta soinekoak bidali zizkion Mardokeori, dolu-jantzia erantzi eta haiek jantzi zitzan; Mardokeok, ordea, ez zuen nahi izan.

5. Deitu zuen Esterrek Hatak, bere zerbitzura erregeak jarri zizkion irenetariko bat, eta Mardokeogana igorri zuen, zer gertatzen eta zergatik zen jakitera.

6. Hala, irten zen Hatak Mardokeoren bila, jauregi aurrean zegoen plazara.

7. Gertatzen ari zen guztiaren berri eman zion Mardokeok; juduak suntsitzearen ordain, Hamanek erregearen gordailurako zenbateko dirutza agindua zuen ere jakinarazi zion.

8. Susa hirian aldarrikatua zegoen suntsitze-aginduaren kopia ere eman zion, Esterri erakutsi eta berri emateko; gainera, agindu hau eman zion Esterri: joan zedila erregeagana, beronen onginahia eskuratu eta bere herritarren alde egiteko.

Irakurri kapitulu osoa Ester 4