Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 7:13-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. «Hona nire agindua: Jerusalemera itzuli nahi duten israeldarrak, baita apaizak eta lebitarrak ere, joan daitezke zurekin.

14. Erregeak eta beronen zazpi kontseilariek bidaltzen zaituzte, ongi ezagutzen duzun Jainkoaren legea Judan eta Jerusalemen nola betetzen den ikustera;

15. gainera, bere bizilekua Jerusalemen duen Israelgo Jainkoari erregeak eta beronen kontseilariek beren borondatez eskaintzen dizkioten urre eta zilarra eramango dituzu;

16. orobat Babilonia lurraldean biltzen duzun urre eta zilar guztia ere, herriak eta apaizek Jerusalemgo Jainkoaren etxerako beren borondatez egindako eskaintzekin batera.

17. Beraz, erabil ezazu arretaz diru hori, zezenak, ahariak, bildotsak eta labore-opari eta isur-oparietarako behar den guztia erosteko, eta eskain itzazu Jerusalemgo Jainkoaren etxeko aldarean.

18. Eta geldi litekeen zilar eta urrearekin, zeuk eta zure ahaideek hobekien deritzozuena egingo duzu, zeuen Jainkoaren borondatearen arabera.

19. Ipini Jerusalemgo Jainkoaren aurrean, zeure Jainkoaren etxeko zerbitzurako eman zaizkizun gauzak.

20. Zeure Jainkoaren etxerako behar izanen duzun guztia, erregearen altxortegitik emango dizute.

21. «Nik, Artaxerxes erregeak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko diruzain guztiei agintzen dizuet eman diezaiozuela zehatz-mehatz Esdras apaizari, zeruetako Jainkoaren lege-maisuari, eskatutako guztia:

22. zilarretan 3.400 kiloraino, garitan 45.000 kiloraino, ardotan 4.000 litroraino eta oliotan 4.000 litroraino; gatza, berriz, neurrigabe.

23. Bete bedi arretaz zeruetako Jainkoak bere etxeari buruz agintzen duen guztia, erregearen eta beronen semeen aurka haserre ez dadin.

24. Jakinarazten dizuet, gainera, ez dela zilegi Jainkoaren etxe honetako apaiz, lebitar, atezain, laguntzaile eta zerbitzariei zergarik, petxarik eta bidesaririk kentzea.

25. «Zuk, berriz, Esdras, zeure Jainkoak eman dizun jakinduriaz, izenda itzazu lege-zaintzaile eta epaileak, zure legea ezagutzen dutenak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko bizilagun guztiak zuzen epai ditzaten; legea ezagutzen ez dutenei, berriz, zeuk irakatsiko diezu.

26. Zure Jainkoaren legea eta erregearen agindua zintzo betetzen ez dituenari, merezi duen zigorra emango zaio: heriotza edo erbestea, isuna edo espetxea».

27. Bedeinkatua izan bedi Jauna, gure gurasoen Jainkoa, berak baitio eragin erregeari Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxea horrela ohoratzera.

28. Berak nireganatu du erregearen, beronen kontseilari eta handikien onginahia; horrela, kemenez bete nintzen, Jauna, nire Jainkoa, lagun bainuen, eta Israelgo buruzagi batzuk bildu nituen nirekin etor zitezen.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 7