Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 7:11-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Hona Artaxerxes erregeak Jaunaren aginduetan eta Israeli buruzko arauetan aditua zen Esdras apaiz eta lege-maisuari eman zion gutuna:

12. «Artaxerxes erregeen erregeak, Esdras apaizari, zeruetako Jainkoaren legean maisu denari, osasuna!

13. «Hona nire agindua: Jerusalemera itzuli nahi duten israeldarrak, baita apaizak eta lebitarrak ere, joan daitezke zurekin.

14. Erregeak eta beronen zazpi kontseilariek bidaltzen zaituzte, ongi ezagutzen duzun Jainkoaren legea Judan eta Jerusalemen nola betetzen den ikustera;

15. gainera, bere bizilekua Jerusalemen duen Israelgo Jainkoari erregeak eta beronen kontseilariek beren borondatez eskaintzen dizkioten urre eta zilarra eramango dituzu;

16. orobat Babilonia lurraldean biltzen duzun urre eta zilar guztia ere, herriak eta apaizek Jerusalemgo Jainkoaren etxerako beren borondatez egindako eskaintzekin batera.

17. Beraz, erabil ezazu arretaz diru hori, zezenak, ahariak, bildotsak eta labore-opari eta isur-oparietarako behar den guztia erosteko, eta eskain itzazu Jerusalemgo Jainkoaren etxeko aldarean.

18. Eta geldi litekeen zilar eta urrearekin, zeuk eta zure ahaideek hobekien deritzozuena egingo duzu, zeuen Jainkoaren borondatearen arabera.

19. Ipini Jerusalemgo Jainkoaren aurrean, zeure Jainkoaren etxeko zerbitzurako eman zaizkizun gauzak.

20. Zeure Jainkoaren etxerako behar izanen duzun guztia, erregearen altxortegitik emango dizute.

21. «Nik, Artaxerxes erregeak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko diruzain guztiei agintzen dizuet eman diezaiozuela zehatz-mehatz Esdras apaizari, zeruetako Jainkoaren lege-maisuari, eskatutako guztia:

Irakurri kapitulu osoa Esdras 7