Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 4:5-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Juduen asmoak desegiteko, errege-kontseilariak erosi egin zituzten. Honela jardun zuten Pertsiako errege Ziroren garai guztian, Darioren erregealdia arte.

6. Xerxesen erregealdiaren hasieran, salaketa bat idatzi zuten erbestealditik itzulitakoen etsaiek, Judako eta Jerusalemgo bizilagunen aurka.

7. Geroago, Artaxerxesen garaian, Bixlam, Mitridates, Tabeel eta beste funtzionarioek Pertsiako errege Artaxerxesi idatzi zioten; gutuna arameera-idazkeraz eta -hizkeraz idatzia zegoen.

8. Rehum gobernariak eta Ximxai idazkariak Artaxerxes erregeari gutun bat idatzi zioten Jerusalemi buruz. Honoko hauek izenpetu zuten:

9. Rehum gobernariak, Ximxai idazkariak eta beste lagunek; epaileek, ordezkariek, pertsiar funtzionarioek; Ur, Babilonia eta Susako elamdarrek,

10. eta Asurbanipal handi eta ospetsuak erbesteratu eta Samariako hirietan eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeetan bizitzen jarri zituen beste herrietakoek.

11. Hona bidali zuten gutunaren kopia:«Artaxerxes erregeari, bere zerbitzariok, Eufrates ibaiaren mendebaldeko biztanleok.

12. «Jakin beza erregeak, Mesopotamiatik Jerusalemera etorritako juduak hiri menderagaitz eta gaizto hau berriro eraikitzen ari direla; zimentarriak konpondu dituzte, harresiak jasotzeko asmoz.

13. Jakin beza, bada, erregeak, hiria berriro eraiki eta harresiak jasotzen badituzte, juduek ez dutela zergarik, ez petxarik, ez bidesaririk ordainduko eta, azkenean, erregeen kalterako izango dela.

14. Beraz, hainbeste mesede zor diogunez gero, ez zaigu bidezkoa iruditzen erregeari egiten zaion iraina; horregatik bidaltzen dizkiogu erregeari argibide hauek,

15. berorren gurasoen agiri-liburuetan azter ditzan. Hor ikusiko du, hiri hau beti menderagaitza izan dela, erregearentzat eta eskualdearentzat kaltegarria, eta bertan antzinatik matxinadak gertatu izan direla. Horrexegatik suntsitu zuten lehen ere.

16. Hauxe jakinarazten diogu, beraz, erregeari: juduek hiria berriro eraiki eta harresiak jasotzen badituzte, laster galduko dituela erregeak Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeak».

17. Erregeak honela erantzun zien:«Rehum gobernariari, Ximxai idazkariari eta Samarian eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeetan bizi diren beste lagunei, bakea!

18. «Irakurri didate argi eta garbi zuek bidali didazuen gutuna.

19. Eta nire aginduz aztertu ondoren, hiri hori antzinatik erregeen aurka jaiki eta bertan matxinadak eta erreboltak gertatu izan direla agertu da.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 4