Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 10:6-14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Esdras Jainkoaren etxe aurretik Eliaxiben seme Johananen gelara joan zen, eta bertan eman zuen gaua. Ez zuen ezer jan, ez edan, erbestetik etorritakoen desleialtasunak nahigabeturik.

7. Ondoren, erbestetik itzulitako guztiak Jerusalemera bil zitezela aldarrikatu zuten Judan eta Jerusalemen.

8. Eta agintariek erabakitako hiru eguneko epean etortzen ez zenari, zigor gisa, ondasun guztiak kenduko zitzaizkion Jaunari sagaratzeko, eta erbestetik itzulitakoen elkartetik bota egingo zuten.

9. Hirugarren egunerako, bada, Judaren eta Benjaminen leinuko gizon guztiak Jerusalemen bildu ziren; bederatzigarren hilaren hogeia zen. Herri guztia Jainkoaren etxeko plazan zegoen, arazo honengatik eta ari zuen euriarengatik dar-dar.

10. Orduan, Esdras apaiza jaiki eta honela mintzatu zitzaien:—Ez zarete leial izan Jainkoarekin, emakume atzerritarrekin ezkonduz; honela handitu egin duzue Israelen errua.

11. Aitortu orain zeuen bekatua Jaunari, zeuen gurasoen Jainkoari, eta egizue haren nahia: aldendu lurralde honetako jendearengandik eta emakume atzerritarrengandik.

12. Batzar osoak deiadar batean erantzun zuen:—Bai, zeuk esan bezala egingo dugu!

13. Baina asko gara eta euri-aroa da; kanpoan ezin gintezke egon. Gainera, arazoa ez da egun batean edo bitan erabakitzekoa, asko baikara bekatu hori egindakoak.

14. Geldi daitezela orain gure buruzagiak batzar osoaren izenean. Eta gero, erabakitako egunetan, etor daitezela hirietan emakume arrotzekin ezkondu direnak, hiri bakoitzeko agintari eta epaileekin, arazo hau dela-eta piztu dugun geure Jainkoaren haserrea guregandik urrundu arte.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 10