Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 10:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Esdras, ahuspezturik eta negarrez, Jainkoaren etxearen aurrean otoitzean eta bekatuen aitormen hau egiten ari zela, israeldar talde handi bat —gizon, emakume eta haur— bildu zen harengana; negar batean zeuden denak.

2. Orduan, Xekanias, Elamen ondorengo Jehielen semea, honela mintzatu zitzaion Esdrasi: «Ez dugu leial jokatu geure Jainkoarekin, lurralde honetako emakume atzerritarrekin ezkonduz. Hala ere, bada oraindik itxaropenik Israel herriarentzat.

3. Hitzeman diezaiogun Jainkoari, emazte atzerritar guztiak eta haiengandik izandako seme-alabak bidali egingo ditugula, zuk eta gure Jainkoaren aginduei begirune diezuenok nahi bezala. Bete dadila legea!

4. Jaiki zaitez, arazo hau zeure gain hartu behar baituzu. Zeurekin gaituzu; ekin, beraz, kementsu!»

5. Jaiki zen Esdras eta apaizen, lebitarren eta Israel osoaren buruzagiei esana beteko zutela zin egiteko eskatu zien, eta haiek zin egin zuten.

6. Esdras Jainkoaren etxe aurretik Eliaxiben seme Johananen gelara joan zen, eta bertan eman zuen gaua. Ez zuen ezer jan, ez edan, erbestetik etorritakoen desleialtasunak nahigabeturik.

7. Ondoren, erbestetik itzulitako guztiak Jerusalemera bil zitezela aldarrikatu zuten Judan eta Jerusalemen.

8. Eta agintariek erabakitako hiru eguneko epean etortzen ez zenari, zigor gisa, ondasun guztiak kenduko zitzaizkion Jaunari sagaratzeko, eta erbestetik itzulitakoen elkartetik bota egingo zuten.

9. Hirugarren egunerako, bada, Judaren eta Benjaminen leinuko gizon guztiak Jerusalemen bildu ziren; bederatzigarren hilaren hogeia zen. Herri guztia Jainkoaren etxeko plazan zegoen, arazo honengatik eta ari zuen euriarengatik dar-dar.

10. Orduan, Esdras apaiza jaiki eta honela mintzatu zitzaien:—Ez zarete leial izan Jainkoarekin, emakume atzerritarrekin ezkonduz; honela handitu egin duzue Israelen errua.

11. Aitortu orain zeuen bekatua Jaunari, zeuen gurasoen Jainkoari, eta egizue haren nahia: aldendu lurralde honetako jendearengandik eta emakume atzerritarrengandik.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 10