Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 9:16-34 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Eta Jotamek jarraitu zuen: «Abimelek izendatu duzue errege. Egoki eta zuzen jokatu al duzue hori egitean? Ongi jokatu al duzue Jerubaalekin eta beronen etxearekin? Honek egindako guztiarengatik merezi bezala ari izan al zarete?

17. Zuen alde borrokatu zen gure aita, bere bizia arriskatuz, eta madiandarren menpetik libratu zintuzten.

18. Zuek, aldiz, gure aitaren etxearen kontra jaiki zarete gaur eta haren hirurogeita hamar semeak hil dituzue, denak harri beraren gainean. Eta haren mirabearen seme den Abimelek izendatu duzue zeuen errege, senide duzuela eta.

19. Beraz, Jerubaalekiko eta beronen etxearekiko gaur egoki eta zuzen jokatu duzuela uste baduzue, on degizuela Abimelekek, baita zuek ere Abimeleki!

20. Baina hala ez bada, kiskal zaitzatela zuek, Sikemgo nagusi eta Bet-Miloko jendeok, Abimelekengandik aterako den suak, eta kiskal dezala bera ere zuengandik eta Bet-Milokoengandik aterako denak!»

21. Ondoren, Jotamek ihes egin zuen; Beer-era joan eta bertan bizi izan zen, bere anaia Abimelekengandik urrun.

22. Hiru urtez agindu zuen Abimelekek Israelen.

23. Aldi hartan, haserreak sorrarazi zituen Jainkoak Abimeleken eta Sikemgo nagusien artean, eta hauek Abimeleken kontra jaiki ziren.

24. Horrela, Jerubaalen hirurogeita hamar semeei eginiko sarraskia ordaindu eta haien hilketaren errua beren gain hartu behar izan zuten, bai Abimelekek, berak hil baitzituen bere anaiak, baita Sikemgo nagusiek ere, hilketa hartan lagundu egin baitzioten.

25. Abimeleki kalte egiteko, Sikemgo nagusiek gizon-taldeak ipini zituzten mendi-gailurretan, inguruetako bideetatik zihoazenei lapurretan egiteko. Abimelekek izan zuen horren berri.

26. Hortan, etorri zen Sikemera Gaal izeneko bat, Ebeden semea, eta Sikemgo nagusien konfiantza bereganatu zuen.

27. Landara irtenik, mahatsa bildu eta zapaldu ondoren, festak antolatu zituzten; beren jainkoen jauretxean sartu eta jan-edanean ari izan ziren, Abimelek madarikatuz.

28. Ebeden seme Gaalek esan zuen: «Zer da Abimelek hori Sikemgoontzat, gu beraren morroi izateko? Jerubaalen semea besterik ez, eta Zebul, beraren ordezkaria! Izan zaitezte Sikem hiriaren sortzaile den Hamorren zerbitzari! Zergatik izan behar dugu Abimelek horren zerbitzari?

29. Herri honen buru egingo baninduzue, berehala urrunaraziko nuke Abimelek hori. Bere gudarostea indartu eta borrokara ateratzeko esango nioke».

30. Hiriko gobernari zen Zebul, Ebeden seme Gaalek esandakoa entzutean, biziki haserretu zen.

31. Eta isilean mezulariak igorri zizkion Abimeleki, esatera: «Ebeden seme Gaal bere senideekin Sikemera etorri eta hiri hau zure kontra asaldatzen ari da.

32. Jaiki zaitez gauez zeure jendearekin eta jarri zelatan landan.

33. Goizean goiz, eguzkia ateratzean, abia zaitez eta eraso hiriari. Gaal bere jendearekin zuri aurre egitera ateratzean, egiozu egokien iruditzen zaizuna».

34. Gau hartan bertan, Abimelek eta beronen jende guztia jaiki eta Sikemgo inguruetan gorde ziren, lau taldetan antolaturik.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 9