Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 4:3-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Siserak burdinazko bederatziehun guda-gurdi zituen eta hogei urtez gogor zanpatu zituen israeldarrak; horregatik, israeldarrek dei egin zioten Jaunari.

4. Aldi hartan, Lapidoten emazte Debora profetesak gobernatzen zuen Israel.

5. Andre hura Deboraren Palmondopean jarri ohi zen, Rama eta Betel artean, Efraimgo mendialdean, israeldarrek eramaten zizkioten auziak erabakitzera.

6. Behinola, Neftaliren lurraldeko Kedex hirian bizi zen Barak izeneko bati, Abinoamen semeari, dei egin eta esan zion Deborak:—Hona hemen Jaunak, Israelen Jainkoak, damaizun agindua: «Zoaz eta bil itzazu zeurekin Tabor mendian Neftali eta Zabulonen leinuetako hamar mila gizon.

7. Nik Kixon errekara ekarriko dizut Sisera, Jabinen gudarostearen buruzagia, bere guda-gurdi eta gudari-taldearekin, eta eskura emango».

8. Barakek erantzun:—Nirekin baldin bazatoz, joango naiz; bestela, ez.

9. Deborak esan zion:—Joango naiz, bada, zurekin. Baina egintza honetan ospea ez da zurea izango, emakume baten esku jarriko baitu Jaunak Sisera.Eta Debora Barakekin joan zen Kedexera.

10. Barakek Kedexera deitu zuen Zabulon eta Neftaliren leinuetako jendea. Hamar mila gizon joan zitzaizkion ondoren; Debora ere berarekin zen.

11. Aldi hartan Heber kendarra beste kendarrengandik, hau da, Moisesen aitaginarreba zen Hobaben ondorengoengandik banandu eta Kedex ondoan zegoen etxolatua, Tzaanaimgo artearen inguruan.

12. Abinoamen seme Barak Tabor mendira igoa zela jakin orduko, Sisera,

13. burdinazko bederatziehun guda-gurdiak eta bere gudaroste osoa bildurik, Haroxet-Goimdik atera eta Kixon errekara joan zen.

14. Orduan, Deborak esan zion Baraki: «Eutsi! Gaur emanen dizu Jaunak eskura Sisera. Jauna doa zure gudari-taldearen buru».Bere hamar mila gizonak ondoren zituela jaitsi zen Barak Tabor menditik.

15. Eta Jaunak sakabanatu egin zituen Sisera eta beroren guda-gurdiak eta gudaroste osoa, Baraken erasopean. Siserak guda-gurditik jaitsi eta oinez egin zuen ihes.

16. Barak Haroxet-Goimeraino joan zen guda-gurdi eta gudarostearen atzetik. Siseraren gudari guztiak ezpatapean erori ziren, bizirik bat ere gelditu gabe.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 4