Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 3:19-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. baina Gilgal ondoan dauden idoloetara heltzean, berriro itzuli eta esan zion erregeari:—Errege jauna, isilpeko mandatua dakarkizut.Erregeak esan zien berekin zeuden zerbitzariei:—Ixo! Alde zuek!Alde egin zutenean,

20. Eglonengana hurbildu zen Ehud. Erregea beretzat bakarrik zuen goiko gela freskoan zegoen eseria. Ehudek esan zion:—Jainkoaren mandatua dut zuretzat.Erregea jaiki egin zen aulkitik.

21. Orduan, Ehudek ezker-eskua luzatu, eskuineko izterrean zekarren ezpata hartu eta sabelean sartu zion erregeari

22. oso-osorik, kirten eta guzti; gantzek estali egin zuten ezpata, Ehudek ez baitzuen atera erregearen sabeletik. Ondoren, leihotik atera zen,

23. atzealdetik, goiko gelako ateak itxi eta maratila eman ondoren.

24. Ehud joan eta gero, zerbitzariek, etorri eta goiko gelako ateek maratila emana zutela ohartzean, erregea bere gela freskoan sabela husten ariko zela uste izan zuten.

25. Zain eta zain egon ondoren, kezkatzen hasi ziren, goiko gelako ateak irekitzen ez zirelako. Giltza hartu eta atea irekitzean, han aurkitu zuten beren nagusia lurrean zerraldo, hila.

26. Haiek zain zeuden bitartean, Ehudek, idoloen ingurutik igaro eta Seirara egin zuen ihes.

27. Heldu zenean, Efraimgo mendialdean adarra jo zuen eta israeldarrak menditik jaitsi ziren, Ehud bera buru zutela.

28. Ehudek esan zien: «Jarrai niri! Eskura eman baitizkizue Jaunak zeuen etsai moabdarrak».Eta haren ondoren jaitsirik, Moaberako igarobideak hartu zituzten Jordanen, eta ez zioten inori ere utzi igarotzen.

29. Egun hartan hamar mila moabdar inguru hil zituzten, denak sendoak eta indartsuak. Ez zuen batek ere ihes egin.

30. Handik aurrera, moabdarrak israeldarren menpe egon ziren eta bakea izan zen herrialdean laurogei urtez.

31. Ehuden ondoren, Anaten seme Xamgar izan zen buruzagi. Seiehun filistear hil zituen itzain-akuilu batez. Horrela, berak ere salbatu zuen Israel.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 3