Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 3:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Lurralde hartako zenbait jentil-herri bizirik utzi zuen Jaunak, Kanaango gerlak ikusi ez zituzten israeldarrak haien bitartez probatzeko.

2. Aurrez gerrarik ikusi ez zuten israeldar-belaunaldiak hezteko eta gudurako trebatzeko baizik ez zen izan hori.

3. Hona hemen zein ziren jentil-herri haiek: filistearren bost buruzagiak, kanaandar guztiak, sidondarrak eta Baal-Hermon menditik Hamateko sarreraraino Libanoko mendialdean bizi ziren hibiarrak.

4. Horrela probatuko zituen Jaunak israeldarrak eta jakingo beraien gurasoei Moisesen bitartez emaniko aginduak betetzen zituzten ala ez.

5. Beraz, kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren artean bizi izan ziren israeldarrak.

6. Haien alabak emaztetzat hartu eta beren alabak haien semeei eman zizkieten eta haien sasijainkoak gurtu zituzten.

7. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek: Jaunaz, beren Jainkoaz, ahaztu eta Baal eta Axeraren idoloak gurtu zituzten.

8. Sutu egin zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta Mesopotamia Garaiko errege Kuxan-Rixataimen esku utzi zituen. Zortzi urtez izan ziren israeldarrak Kuxan-Rixataimen menpeko.

9. Orduan, israeldarrek oihu egin zioten Jaunari eta honek salbatzaile bat bidali zien: Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteena, Otniel; honek salbatu zituen.

10. Jaunak bere espiritua eman zion Otnieli eta honek gobernatu zuen Israel. Borroka egin zion Mesopotamia Garaiko errege Kuxan-Rixataimi eta, Jaunak eskura eman ziolarik, Otnielek menderatu egin zuen.

11. Israel herrialdea bakean egon zen berrogei urtez, harik eta Kenazen seme Otniel hil zen arte.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 3