Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 20:20-39 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. eta guda-lerrotan antolatu ziren, Gibearen aurrez aurre, benjamindarrei erasotzeko.

21. Baina benjamindarrek Gibeatik irten eta hogeita bi mila gizon israeldarri lur joarazi zieten.

22-23. Orduan, israeldarrak Betelgo santutegira igo eta negarrez ari izan ziren arratsa arte. Ondoren, Jaunari kontsulta egin zioten:—Ekin behar al diogu berriro geure senide benjamindarren kontrako borrokari?Jaunak erantzun zien:—Ekin!Beraz, israeldar gudarostea, bizkorturik, guda-lerrotan antolatu zen berriro, lehenengo borrokaldia egina zuten toki berean.

24. Biharamunean, israeldarrak benjamindarrengana hurbildu ziren.

25. Baina bigarren egun hartan ere benjamindarrek Gibeatik atera, eraso eta lur joarazi zieten hemezortzi mila israeldarri, denak gudari trebeak ziren arren.

26. Orduan, israeldar guztiak eta gudarostea Betelera berriro igo eta Jaunaren aurrean eseriak egon ziren, negarrez eta baraurik arratsalde arte; gero, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jaunari.

27. Israeldarrek kontsulta egin zioten Jaunari; izan ere, egun haietan Betelen zegoen Jainkoaren itun-kutxa

28. eta Aaronen ondorengoetakoa zen Eleazarren seme Pinhasek zuen kultu-zerbitzua. Honako hau galdegin zioten Jaunari:—Ekin behar al diogu berriro geure senide benjamindarren kontrako borrokari ala utzi egin behar dugu?Jaunak erantzun zien:—Ekin! Eta bihar eskura emango dizkizuet.

29. Israeldarrek zelatan jarri zituzten gudari batzuk Gibea inguruan.

30. Aurrekoetan bezala, hirugarren egun hartan ere, israeldarrak guda-lerrotan jarri ziren, benjamindarren kontra borrokatzeko eta Gibea hiriari erasotzeko.

31. Atera ziren benjamindarrak israeldarrei aurre egiteko eta urrutiratu egin ziren beren hiritik. Aurrekoetan bezala, israeldarrak hiltzen hasi ziren landan, Betelerako bidean eta Gibearako bidean; hogeita hamarren bat israeldar bota zituzten.

32. Benjamindarrek zioten: «Menperatu ditugu aurrekoetan bezala». Israeldarrek, aldiz, zioten: «Egin dezagun ihes; horrela, erakarri egingo ditugu, hiritik urrunaraziz bideetan zehar».

33. Israeldarrak beren tokiak utzirik, guda-lerrotan antolatu ziren Baal-Tamar hiriaren aurrean. Zelatan zeuden israeldarrek, beren gordelekua utzirik, babesik txikiena zuen aldetik eraso zioten hiriari.

34. Bitartean, aukerako hamar mila gudari, Israel osokoak, Gibearen aurrez aurre jarri ziren. Gudua latza izan zen eta benjamindarrak ez ziren ohartu gainera zetorkien hondamenaz.

35. Jaunak hondatu egin zituen benjamindarrak israeldarren aurrean. Hogeita bost mila eta ehun benjamindar gudari trebe hil zituzten egun hartan israeldarrek.

36. Orduan konturatu ziren benjamindarrak galduak zeudela.Israeldarrek atzera egin zuten benjamindarren aurrean, Gibeari erasotzeko gorderik zeuden zelatariengan baitzuten konfiantza.

37. Zelatariek eraso zioten oldarka Gibeari, zabaldu ziren eta hiriko jende guztia hil zuten ezpataz.

38. Israeldar gudariek eta zelatariek hitza emana zioten elkarri, zelatariek ke-seinalea igoaraziko zutela hiritik

39. eta israeldar gudariek, orduan, aurre egingo zietela benjamindarrei. Hauek, ordurako, hilak zituzten hogeita hamarren bat gizon israeldar eta pentsatzen ari ziren, aurreko gudukatzeetan bezala, menderatuak zituztela israeldarrak.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 20