Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 2:5-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Horregatik, toki hari Bokim deitu zioten, hau da, «Negartiak». Gero, opariak eskaini zizkioten bertan Jaunari.

6. Josuek bidali egin zuen herria, eta israeldarrak nor bere lurraldearen jabetza hartzera joan ziren.

7. Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna gurtu zuten; Josue hil ondoren bizirik jarraitu eta Jaunak Israelen alde eginiko egintza handiak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere bai.

8. Ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen semea, Jaunaren zerbitzaria.

9. Beraren jabegoa zen lurraldean ehortzi zuten, Timnat-Heres hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldera.

10. Hil zen, ordea, orduko belaunaldi hura ere, eta ondoren etorritako belaunaldiak ez zuen ezagutu Jauna, ezta Jaunak Israelen alde egina ere.

11. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, Baal sasijainkoaren idoloak gurtuz.

12. Egiptotik atera zituen Jauna, beren arbasoen Jainkoa, baztertu eta inguruan bizi ziren herrien sasijainkoen ondoren joan ziren, berauen aitzinean ahuspeztuz; horrela, Jauna haserrarazi egin zuten.

13. Beraz, Jauna baztertu eta Baal eta Astarteren idoloak gurtu zituzten.

14. Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, lapurren esku utzi zituen, eta hauek lapurretan egin zieten. Inguruko etsaien esku ere utzi zituen; horregatik, israeldarrek ezin izan zioten eutsi etsaien aurrean.

15. Borrokara joatean, beti galduan ateratzen ziren, beren kontra baitzuten Jauna, beronek zin eginez esana zien bezala. Israeldarrak geroz eta estuago zeuden.

16. Orduan, buruzagiak sorrarazi zituen Jaunak eta haiek libratu zituzten israeldarrak lapurrengandik.

17. Baina israeldarrak, buruzagi haiei aditu ordez, desleial izan ziren Jainkoarekiko eta sasijainkoak gurtu zituzten, berauen aurrean ahuspeztuz. Berehala okertu ziren gurasoen bidetik; hauek bai aditu zituztela Jaunaren aginduak! Baina ondorengoek ez zuten berdin jokatu.

18. Buruzagiren bat sorrarazten zuenean, bizitza osoan laguntzen zion Jaunak; horrela, beren etsaiengandik salbatu egiten zituen israeldarrak. Izan ere, hunkitu egiten zen haietaz Jauna, beren menderatzaile eta laidoztatzaileen azpian egiten zituzten negarrengatik.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 2