Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 14:8-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Egun batzuen buruan, emaztea hartzeko Timnara itzultzean, bidea utzi eta lehoiaren gorpua ikustera joan zen. Eta hara non ikusten duen erle-multzo bat lehoiaren hezur tartean, bere ezti eta guzti.

9. Eztia eskuan hartu eta bidean janez joan zen aita-amengana; eman zien eztia eta jan zuten haiek ere. Baina ez zien esan ezti hura lehoiaren hezur artetik hartua zuenik.

10. Samsonen aita neskaren etxera joan zen, eta Samsonek eztei-otordua eman zuen, gazteek ohi dutenez.

11. Filistearrek, Samson ikustean, hogeita hamar gazte bidali zizkioten lagun egitera.

12. Samsonek esan zien:—Igarkizun bat esan behar dizuet. Eztei-otorduko zazpi egunen barruan asmatu eta aditzera ematen badidazue, soineko eta soingaineko bana emango dizkizuet.

13. Bestela, zuek eman beharko dizkidazue hogeita hamar soineko eta beste horrenbeste soingaineko.Haiek erantzun zioten:—Esan igarkizuna, entzungo dizugu.

14. Samsonek, orduan:«Jaten duenarengandik jatekoa,indartsuarengandik gozoa».Hiru egun igaro eta asmatu ezinik zebiltzan.

15. Laugarren egunean, esan zioten Samsonen emazteari:—Atera iezaiozu azpikeriaz senarrari igarkizunak zer esan nahi duen; bestela, su emango dizugu, baita zuen aitaren etxeari ere. Guri lapurtzeko asmoz gonbidatu al gaituzue?

16. Emaztea negarrez hasi zitzaion Samsoni, esanez:—Ez nauzu batere maite! Gorrotoa didazu! Nire herritarrei igarkizuna ipini eta niri ez didazu adierazi zer esan nahi duen.Samsonek ihardetsi zion:—Ez diet adierazi neure gurasoei ere eta zuri adieraziko dizut!

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 14