Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 13:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriro israeldarrek, eta Jaunak filistearren menpe utzi zituen berrogei urtez.

2. Bazen Tzoran Manoah izeneko gizon bat, Danen leinukoa. Haren emazteak ez zuen haurrik izan, agorra baitzen.

3. Behinola, emakume hari Jaunaren aingerua agertu eta esan zion: «Agorra zara eta ez duzu haurrik izan; hala ere, sabelean sortu eta semea izanen duzu.

4. Baina ez edan ardorik, ez beste edari mozkorgarririk, eta ez jan ezer kutsaturik,

5. zeren eta sabelean sortu eta semea izanen baituzu. Ez diote ilerik moztu behar, amaren sabeletik “nazireu” izan behar baitu, hau da, Jaunarentzat sagaratua. Hura hasiko da israeldarrak filistearren menpetik askatzen».

6. Emakumeak senarrarengana joan eta esan zion: «Jainkoaren gizon bat etorri zait; Jainkoaren aingeru-itxura zuen, zinez izugarria. Ez diot galdetu nongoa den, berak ere ez dit bere izenik esan.

7. Baina esan dit: “Sabelean sortu eta semea izanen duzu. Ez edan ardorik, ez beste edari mozkorgarririk, eta ez jan ezer kutsaturik; amaren sabelean sortu eta hil arte, “nazireu” izan behar baitu haurrak, hau da, Jaunarentzat sagaratua”».

8. Orduan, Manoahek otoitz hau egin zion Jaunari: «Otoi, ene Jauna, betorkigu berriro lehen bidali duzun Jainkoaren gizona eta esan diezagula zer egin behar dugun jaioko den haurrarekin».

9. Entzun zuen Jaunak Manoahen oihua eta etorri zen berriro Jainkoaren aingerua emakumeagana. Zelaian eseria zegoen emakumea, baina haren senar Manoah ez zen harekin.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 13