Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 6:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Agindu, lege eta erabakiok zuen Jainko Jaunak zuei irakasteko emanak dira, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

2. Jaunari zeuen Jainkoari begirunea behar diozue izan, bai zeuek eta bai ondorengoek, nik agintzen dizkizuedan beraren lege eta agindu guztiok bizitza osoan betez; hori eginez, luzaro biziko zarete.

3. Onar itzazue, bada, israeldarrok, eta saiatu betetzen. Horrela, zoriontsu izango zarete eta biziki ugalduko esnea eta eztia darizkion lurraldean, Jaunak zuen arbasoen Jainkoak hitzeman bezala.

4. «ENTZUN, ISRAEL: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da!

5. Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz.

6. Izan beti gogoan gaur ematen dizkizudan agindu guztiok;

7. irakatsi behin eta berriro zeure seme-alabei; mintzatu haietaz etxean zaudela nahiz bidean zoazela, oheratzean nahiz jaikitzean;

8. lot itzazu seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian,

9. eta idatzi etxeko ate-alboetan eta hiri-sarreran.

10. «Zeuen Jainko Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez zuei emango zizuela agindutako lurraldean sarraraziko zaituzte. Lurralde horrek zuek eraiki gabeko hiri handi eta ederrak ditu,

11. zuek bildu gabeko ondasun-mota guztiz beteriko etxeak, zuek zulatu gabeko putzuak, zuek landatu gabeko mahasti eta olibadiak. Asetzeraino jan ahal izango duzue.

12. Orduan, ez ahaztu Jauna, Egiptotik, esklabotzatik, atera zaituztena.

13. Begirune izango diozue Jaunari zeuen Jainkoari, bera bakarrik gurtuko duzue eta beraren izenean zin egingo.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 6