Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 5:18-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. «Ez egin adulteriorik.

19. «Ez ostu.

20. «Ez egin gezurrezko testigantzarik lagun hurkoaren aurka.

21. «Ez gutiziatu lagun hurkoaren emaztea. Ez irrikatu haren etxerik, ez sororik, ez morroi-miraberik, ez idirik, ez astorik eta ez beste ezertxo ere.

22. «Horiek dira Jaunak, mendi barrenean denok bildurik zeundetela, ahots handiz aldarrikatu zizkizuen aginduak, suaren eta laino itxi eta ilunaren erditik, eta ez zuen beste ezer esan. Gero, bi harlauzatan idatzi zituen, eta niri eman zizkidan.

23. «Mendia sugarretan zegoela, ilunpe artetik zetorren ahots hura entzutean, zuen leinuburuek eta herri-arduradunek niregana hurbildu

24. eta zuen izenean esan zidaten: Jaunak geure Jainkoak egiaz erakutsi dizkigu bere ospea eta handitasuna, eta hura suaren erditik mintzatzen entzun dugu. Gaur ikusi dugu Jainkoak gizakiari hitz egin diezaiokeela eta hau bizirik gelditu.

25. Baina, zergatik hil orain? Sute horrek kiskali egin behar gaitu. Jaunaren ahotsa entzuten jarraitzen badugu, hil egingo gara.

26. Izan ere, ba al da gizasemerik, Jainko bizia guk bezala suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik?

27. Hurbil zaitez zeu, Jaunak gure Jainkoak esango duena entzutera; eta, gero, berak esandako guztia adieraziko diguzu, eta guk onartu eta bete egingo dugu.

28. «Entzun zituen Jaunak zuek niri esandako hitzak, eta adierazi zidan: Entzun dut herriak zuri esandakoa eta ongi deritzot.

29. Ai ni errespetatzeko eta nire aginduak betetzeko jarrera hori izango balute beti! Zoriontsu izango lirateke beti, bai beraiek, bai ondorengoak.

30. Zoaz eta esaiezu etxoletara itzultzeko.

31. Baina zu gelditu hemen nirekin, haiei irakatsi behar dizkiezun agindu, lege eta erabakiak adierazi behar baitizkizut, jabetzan ematen diedan lurraldean bete ditzaten.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 5