Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 30:7-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Madarikazio guztiok, berriz, pertsegitu izango zaituzteten etsai amorratuen gainera botako ditu Jaunak zuen Jainkoak.

8. Zuek, ordea, Jaunaren esaneko bihurtuko zarete berriro eta gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok beteko dituzue.

9. Jaunak ondasunez beteko zaituzte: arrakasta emango dizue zuen eginkizun guztietan, eta emankor egingo bai zeuek, bai zeuen abere eta lurrak; atsegin izango baitzaio zuen Jainko Jaunari zuen ongizatea, zuen arbasoena izan zitzaion bezala.

10. Izan ere, obeditu egingo diozue Jaunari zeuen Jainkoari, legearen liburu honetan idatzitako beraren agindu eta legeak betez, eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz itzuliko zarete Jaunarengana zeuen Jainkoarengana.

11. «Gaur nik ematen dizuedan agindua ez da zuen indarrez gaindikoa, ezta eskuraezina ere.

12. Ez dago han zeruan, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu zerura, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?”

13. Ez dago itsasoaz beste aldean ere, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu itsasoaz beste aldera, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?”

14. Zeren esku-eskura baituzue Jaunaren hitza, zeuen ahoan eta bihotzean, bete dezazuen.

15. «Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra.

16. Baldin eta gaur nik ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, Jauna zeuen Jainkoa maitatuz, berari jarraituz eta beraren agindu, lege eta erabakiak betez, biziko zarete eta ugalduko, eta bedeinkatu egingo zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean.

17. Baina zuen bihotza okerbideratzen bada eta, jainko arrotzen aurrean ahuspeztu eta haiek gurtzeko tentazioari amore emanez, ez entzunarena egiten baduzue,

18. gaur iragartzen dizuet erabat galduko zaretela: ez zarete luzaro biziko Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean.

19. «Zeru-lurrak hartzen ditut lekuko gaur zuen kontra: bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 30