Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 3:9-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. (mendi horri “Sirion” deitzen diote sidondarrek eta “Senir” amortarrek).

10. Gure esku gelditu ziren lautadako hiri guztiak, baita Galaad eta Baxan eskualdeak ere, Baxango Ogen erresumako Salka eta Edrei hirietaraino.

11. (Baxango Og erregea zen antzinako refatar erraldoietarik gelditzen zen bakarra; Raban, amondarren hiriburuan, dagoen basalto harrizko haren hilobiak erakusten du erraldoitasun hori, lau metro eta erdi luze eta bi metro zabal baita, ohiko neurriaren arabera).

12. «Orduan jabetzan hartu genuen lurraldea honela banatu genuen: Arnon erreka ondoan dagoen Aroertik hasita Galaadeko mendialdearen erdia bertako hiriekin Ruben eta Gaden leinuei eman nien.

13. Galaadeko gainerako lurraldea eta Ogena izandako erresuma, hau da, Argob eskualdea eta Baxan osoa, refatarren eskualde esaten ziotena, Manasesen leinu erdiari eman nizkion.

14. Manasesen seme Jairrek Argob eskualdea eskuratu zuen gexurtar eta maakatarren mugetaraino, eta bere izena eman zion Baxango alderdi horri, “Jairren Herrixkak” alegia, eta horrelaxe deitzen da gaurdaino.

15. Makirri Galaad eskualdea eman nion.

16. Ruben eta Gaden leinuei Galaad eskualdearen gainerakoa eman nien, Arnon errekatik —errekaren erdian zegoen muga— amondarren lur-muga zen Jabok errekaraino;

17. gainera, Jordan ibaia muga duen Araba harana eman nien, Genesaret aintziratik Araba itsaso edo Itsaso Hileraino, Pisga mendiaren magaleraino, ekialdean.

18. «Une hartan, agindu hau eman nizuen: Jaunak zeuen Jainkoak eman dizue lurralde hau jabetzan. Borrokarako gai zareten guztiok armaturik igaroko duzue Jordan ibaia zeuen herritarren aurretik.

19. Emakume, haur eta abereak bakarrik —ongi dakit abere ugari duzuela— geldituko dira eman dizkizuedan hirietan,

20. harik eta Jaunak zuen Jainkoak herritar guztiei zuei bezala atsedena eman arte eta Jordanez beste aldean emango dien lurraldeaz jabe daitezen arte. Ondoren, jabetzan eman dizuedan lurraldera itzuliko zarete.

21. «Josueri, berriz, agindu hau eman nion: Zeure begiz ikusi duzu Jaunak zuen Jainkoak errege bi haiei egin dien guztia; beste horrenbeste egingo die errekaz beste aldean aurkituko dituzun erresumei.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 3