Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 3:2-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. «Orduan, Jaunak esan zidan: Ez izan horren beldur, bera, beraren gudarostea eta lurraldea zure esku utzi baititut; horri ere Hexbongo Sihon errege amortarrari egindakoa bera egingo diozu.

3. «Horrela, gure esku jarri zituen Jaunak gure Jainkoak Baxango Og erregea eta beronen gudaroste osoa, eta garaitu egin genituen, bizirik inor ere ez uzteraino.

4. Haien hiri guztiak konkistatu genituen, bat ere utzi gabe: guztira, hirurogei hiri, hau da, Baxango Og erregearen erresuma osatzen zuen Argob eskualde osoa;

5. hiri guztiok gotortuak ziren, harresi handiz inguratuak, morroiloz hornituriko atetzarrak zituztelarik; gainera, harresi gabeko beste hiri asko hartu genituen.

6. Erabat suntsitu genituen, Hexbongo Sihon erregearekin egin bezala, bertako jende guztia garbituz: gizon, emakume eta haur;

7. hirietako abere eta ondasunak, aldiz, guda-harrapakin gisa hartu genituen.

8. «Horrela bada, Jordanez beste aldeko, ekialdeko, bi errege amortar haien lurraldeak eskuratu genituen, Arnon errekatik Hermon mendiraino

9. (mendi horri “Sirion” deitzen diote sidondarrek eta “Senir” amortarrek).

10. Gure esku gelditu ziren lautadako hiri guztiak, baita Galaad eta Baxan eskualdeak ere, Baxango Ogen erresumako Salka eta Edrei hirietaraino.

11. (Baxango Og erregea zen antzinako refatar erraldoietarik gelditzen zen bakarra; Raban, amondarren hiriburuan, dagoen basalto harrizko haren hilobiak erakusten du erraldoitasun hori, lau metro eta erdi luze eta bi metro zabal baita, ohiko neurriaren arabera).

12. «Orduan jabetzan hartu genuen lurraldea honela banatu genuen: Arnon erreka ondoan dagoen Aroertik hasita Galaadeko mendialdearen erdia bertako hiriekin Ruben eta Gaden leinuei eman nien.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 3