Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 3:18-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. «Une hartan, agindu hau eman nizuen: Jaunak zeuen Jainkoak eman dizue lurralde hau jabetzan. Borrokarako gai zareten guztiok armaturik igaroko duzue Jordan ibaia zeuen herritarren aurretik.

19. Emakume, haur eta abereak bakarrik —ongi dakit abere ugari duzuela— geldituko dira eman dizkizuedan hirietan,

20. harik eta Jaunak zuen Jainkoak herritar guztiei zuei bezala atsedena eman arte eta Jordanez beste aldean emango dien lurraldeaz jabe daitezen arte. Ondoren, jabetzan eman dizuedan lurraldera itzuliko zarete.

21. «Josueri, berriz, agindu hau eman nion: Zeure begiz ikusi duzu Jaunak zuen Jainkoak errege bi haiei egin dien guztia; beste horrenbeste egingo die errekaz beste aldean aurkituko dituzun erresumei.

22. Ez izan haien beldur, Jauna zuen Jainkoa ari da zuen alde borrokan eta.

23. «Egokiera hartan, honela erregutu nion Jaunari:

24. Jainko Jauna, zure handitasuna eta ahalmena erakusten hasi zatzaizkio zeure zerbitzari honi. Izan ere, ez dago, ez zeruan, ez lurrean, zuk bezalako egintzarik egin dezakeen beste jainkorik.

25. Uztazu, otoi, Jordanez beste aldera igarotzen, hango lurralde ederra, hango mendialdea eta Libano ikus ahal ditzadan.

26. «Baina Jauna haserretu egin zitzaidan zuen erruz eta ez zidan erregua onartu. Esan zidan: Aski da! Ez zakizkit mintza berriro horretaz.

27. Igo Pisga mendiaren gailurrera eta begira bertatik iparralde zein hegoaldera, ekialde zein mendebaldera; zabaldu ongi begiak eta begiratu, ez baituzu Jordan hori zeharkatuko.

28. Eman argibideak Josueri; eman bihotz eta adore, bera igaroko baita herria gidatzen, berak eskuraraziko dio aurrean duzun lurraldea.

29. «Eta ibarrean, Bet-Peorren aurrean, gelditu ginen.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 3