Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 29:6-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. «Gero, hona iritsi zarete. Hexbongo errege Sihon eta Baxango errege Og gure aurka borrokatzera irten zaizkigu bidera eta garaitu egin ditugu;

7. haien lurraldeak hartu eta Ruben eta Gaden leinuei eta Manasesen leinu erdiari eman dizkiegu ondaretzat.

8. «Bete arretaz itun honen xedapenak, zeuen eginkizun guztietan arrakasta izan dezazuen.

9. «Denok zaudete gaur hemen Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean: leinuburuak, herri-arduradun eta funtzionarioak, gizonezkoak,

10. haur eta emakumeak, baita kanpalekuan egurgile eta ur-ekarle diren etorkinak ere.

11. Jaunak zuen Jainkoak gaur zuekin egiten duen ituna onartzeko eta ezartzen dizuen konpromisoaz zeuen buruak lotzeko zaudete hemen.

12. Itunaren bidez, bere herri egiten zaituzte Jainkoak eta bera zuen Jainko izango da, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzeman zien bezala.

13. Ez du ituna zuekin bakarrik egiten, eta konpromisoa ez dagokizue zuei soilik;

14. gaur hemen, Jaunaren geure Jainkoaren aurrean gaudenontzat ez ezik, gaur gurekin hemen ez direnentzat ere balio du.

15. «Gogoan duzue Egipton bizi izan garela eta bidean aurkitu ditugun herrien artetik igaro garela.

16. Ikusi ahal izan dituzue haiek gurtzen dituzten idolo higuingarriak, zurezko, harrizko, zilarrezko eta urrezko irudiak.

17. Ez dadila zuen artean inor izan, gizon nahiz emakume, senitarte nahiz leinu, Jaunari zeuen Jainkoari bizkarra emango dionik, herri horien jainkoei kultu emateko; ez dadila zuen artean horrelako fruitu garratz eta pozoitsurik emango duen landarerik hazi.

18. Itun honen xedapenak entzutean, ez dezala zuetako inork, bere buruaz pozik, hau pentsa: “Neure jarrera setatsu eta guzti, zorionak ez dit huts egingo, lursail ureztatuak ez baitu egarririk”.

19. Ez, Jauna ez dago prest horrelakoari barkatzeko. Desleialkeria jasan ezin duen Jaunaren haserrea piztu egingo da gizaki haren aurka, eta liburu honetan idatzitako madarikazio guztiak gainera etorriko zaizkio; Jaunak haren oroitzapena bera ere ezabatu egingo du mundutik.

20. Jaunak apartatu egingo du Israelgo leinu guztietatik, bere zoritxarrerako, legearen liburu honetan idatzitako madarikazioen arabera.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 29