Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 28:53-65 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

53. Zeuen sabeleko fruitua —Jaunak zeuen Jainkoak emandako seme-alaben haragia— jango duzue, hain larria izango baituzue egoera etsaiek setiatzean.

54-55. «Kinka horretan, zuetako gizonik gozo eta atseginenak ere begi txarrez ikusiko ditu, bai anaia, bai emazte kutuna eta bai gelditutako seme-alabak ere, besterik ezean, jateko asmoa duen seme-alaben haragia haiekin banatu beharko duen beldurrez.

56. Emakumerik gozo eta atseginenak ere —oinazpia lurrean jartzeko ere gauza ez zenak, hain baitzen fina eta samurra—, begi txarrez ikusiko ditu senar kutuna eta seme-alabak,

57. beste jatekorik ezean, hankartetik darion ur-zorroa eta egin berri duen haurra bera ere jan egin nahiko baititu ezkutuan; eta guztia, etsaiek zeuen hirietan ezarriko dizueten setioak sortutako estuasun eta egoera larriengatik.

58. «Liburu honetan idatzirik dauden xedapen guztiak arretaz betetzen ez badituzue eta “Jauna” izen ospetsu eta beldurgarria duen zeuen Jainkoari begirunerik ez badiozue,

59. gaitz gogorrez joko zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen ondorengoak: zauri izugarriz, zauri latz eta iraunkorrez, gaixotasun gaizto eta sendaezinez.

60. Egipton izu-ikaraz ikusi zenituzten izurri guztiak etorriko zaizkizue gainera eta zuen artean zabalduko.

61. Are gehiago, legearen liburu honetan aipatu ez diren gaixotasun eta zauri-mota oro ere bidaliko dizue Jaunak, suntsitu arte.

62. «Zeruko izarrak bezain ugari izan ondoren, banaka batzuk besterik ez zarete bizirik geldituko, Jaunaren zeuen Jainkoaren esana ez egiteagatik.

63. Zuek zoriontsu egiten eta ugaltzen izan zuen adinako atsegina izango du Jaunak zuek galtzen eta suntsitzen: jaurti egingo zaituzte jabetzan hartzera zoazten lurraldetik.

64. Herri guztien artean barreiatuko zaituzte Jaunak, munduko ertz batetik besteraino; han, ez zeuek, ez zuen arbasoek ezagutzen ez zenituzten zurezko eta harrizko jainko arrotzak gurtu beharko dituzue.

65. Herri horien artean ez duzue atsedenik izango, ezta zeuen oinak lasai non pausaturik ere, bihotza ikaraz, begiak tristuraz eta barrua atsekabez beteko baitizkizue Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 28