Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 28:40-60 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

40. lurralde guztian izango dituzue olibondoak, baina ez zarete olioz gantzutuko, erori egingo baitira olibak;

41. seme-alabak sortuko dituzue, baina ez dituzue zeuekin izango, gatibu eramango baitituzte;

42. zuen zuhaitz eta lurreko landareak zomorroen harrapakin izango dira.

43. «Zuen artean bizi diren etorkinak gero eta gorago igoko dira zuen gain, eta zuek gero eta beherago eroriko;

44. beraiek egingo dizuete mailegua, eta zuek maileguz zer emanik ez duzue izango; beraiek izango dira lehen postuan, eta zuek azkenekoan.

45. «Madarikazio guztiok etorriko zaizkizue gainera, pertsegitu eta harrapatu egingo zaituztete, suntsitu arte, Jaunaren zeuen Jainkoaren esana ez egiteagatik eta berak emandako agindu eta legeak ez betetzeagatik.

46. Hori guztia seinale eta oharpen izango da zuentzat eta zuen ondorengoentzat betiko.

47. «Oparotasunean Jauna zeuen Jainkoa pozik eta eskuzabal zerbitzatu ez zenutelako,

48. Jaunak kontra bidaliko dizkizuen etsaiak baldintza gogorretan zerbitzatu beharko dituzue: gose-egarriz, biluzik eta behar gorrian. Lepoan burdinazko uztarria ezarriko dizuete, suntsitu arte.

49. Herri bat altxaraziko du Jaunak zuen kontra, hizkera ezezaguneko herria, urrutitik, munduaren azken muturretik, arranoa bezala hegan etorriko dena:

50. herri ankerra, zaharrentzat errespeturik eta haurrentzat errukirik izango ez duena.

51. Zuen abereen emaitza eta lurraren fruitua jango dute, zuek desegin arte; ez dizuete utziko ez garirik, ez ardorik, ez oliorik, ezta zekorrik edo arkumerik ere, zuek desegin arte.

52. Hiri guztiak setiatuko dizkizuete, zeuen herrialdean seguru sentiarazten zintuzteten harresi garai eta sendoek lur jo dezaten arte; Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeko hiri guztietan setiatuko zaituztete.

53. Zeuen sabeleko fruitua —Jaunak zeuen Jainkoak emandako seme-alaben haragia— jango duzue, hain larria izango baituzue egoera etsaiek setiatzean.

54-55. «Kinka horretan, zuetako gizonik gozo eta atseginenak ere begi txarrez ikusiko ditu, bai anaia, bai emazte kutuna eta bai gelditutako seme-alabak ere, besterik ezean, jateko asmoa duen seme-alaben haragia haiekin banatu beharko duen beldurrez.

56. Emakumerik gozo eta atseginenak ere —oinazpia lurrean jartzeko ere gauza ez zenak, hain baitzen fina eta samurra—, begi txarrez ikusiko ditu senar kutuna eta seme-alabak,

57. beste jatekorik ezean, hankartetik darion ur-zorroa eta egin berri duen haurra bera ere jan egin nahiko baititu ezkutuan; eta guztia, etsaiek zeuen hirietan ezarriko dizueten setioak sortutako estuasun eta egoera larriengatik.

58. «Liburu honetan idatzirik dauden xedapen guztiak arretaz betetzen ez badituzue eta “Jauna” izen ospetsu eta beldurgarria duen zeuen Jainkoari begirunerik ez badiozue,

59. gaitz gogorrez joko zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen ondorengoak: zauri izugarriz, zauri latz eta iraunkorrez, gaixotasun gaizto eta sendaezinez.

60. Egipton izu-ikaraz ikusi zenituzten izurri guztiak etorriko zaizkizue gainera eta zuen artean zabalduko.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 28