Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 28:31-42 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

31. Zuen idia zeuen begi aurrean lepo egingo dute, eta ez duzue haragirik jango; astoa zeuen aurrean lapurtu, eta ez duzue berreskuratuko; zuen ardiak etsaiei emango dizkiete, eta ez dizue inork lagunduko.

32. Zuen seme-alabak atzerritarrei emango dizkiete; begiak urtzeraino egongo zarete haiek noiz itzuliko begira-begira, baina ezin ezer egin.

33. Zuen lurraren emaitza eta zuen neke guztien fruitua herri ezezagunak irentsiko ditu. Jende zapaldu eta larrutua izango zarete bizitza osoan.

34. Erotu egingo zarete begi aurrean izango duzuena ikusiz.

35. «Zauri gaiztoz joko zaituzte Jaunak belaunetan eta zangoetan; oinazpitik bururaino hedatuko zaizkizue eta sendaezinak gertatuko.

36. «Ez zeuek, ez zuen arbasoek ezagutzen ez duzuen herrira eramango zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuek aukeratutako erregea, eta zurezko eta harrizko jainko arrotzak gurtu beharko dituzue han.

37. Txunditurik geldituko dira denak Jaunak eramango zaituzten herrietan, koplak aterako dizkizuete eta iseka egingo.

38. «Hazi ugari ereingo duzue soroan, baina uzta kaskarra bilduko, larrapoteak irentsiko baitu;

39. mahastiak landatu eta landuko dituzue, baina ez ardorik edango, ezta mahatsik bilduko ere, harrak jango baititu;

40. lurralde guztian izango dituzue olibondoak, baina ez zarete olioz gantzutuko, erori egingo baitira olibak;

41. seme-alabak sortuko dituzue, baina ez dituzue zeuekin izango, gatibu eramango baitituzte;

42. zuen zuhaitz eta lurreko landareak zomorroen harrapakin izango dira.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 28