Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 28:21-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. «Izurria zabalduko du Jaunak zuen artean, jabetzan hartzera zoazten lurraldetik erauzi arte.

22. Gaitz galgarriz, sukarrez eta hanpaduraz joko zaituzte; lehortez, haize errez eta gorrinez hondatuko dizkizue uztak: ez du etsiko zuek desagerrarazi arte.

23. «Zeuen buru gaineko zerua brontzea bezain lehor eta oinazpiko lurra burdina bezain elkor bihurtuko dizkizue.

24. Euriaren ordez hautsa eta errautsa bidaliko dizkizue zerutik, zuek suntsitu arte.

25. «Etsaien menpe jarriko zaituzte Jaunak; bide bakarretik aterako zarete gerrara, baina mila bidetan sakabanaturik egingo duzue ihes etsaiengandik. Ikuskizun izugarri gertatuko zarete munduko erresuma guztientzat.

26. Zuen gorpuak zeruko hegazti eta lurreko piztien janari izango dira, eta ez da inor ere izango haiek uxatzeko.

27. «Egiptoarrak jo zituen bezalako zauri zornetsuz eta erlakizten, sarna eta ezkabiaz joko zaituzte Jaunak, eta sendaezinak gertatuko zaizkizue gaitzok.

28. Zorabioz, itsumenez eta izu-ikaraz joko zaituzte;

29. eguerdi-eguerdian itsumustuka ibiliko zarete, itsua bere iluntasunean bezala, eta ez duzue bidea aurkitzen asmatuko. Jende zapaldu eta larrutua izango zarete bizitza osoan, eta ez dizue inork lagunduko.

30. «Zuek aukeratu emakumea ezkontzeko, eta beste batek bereganatuko du; etxea eraiki, eta ez zarete bertan biziko; mahastia landatu, eta ez duzue mahatsik dastatuko.

31. Zuen idia zeuen begi aurrean lepo egingo dute, eta ez duzue haragirik jango; astoa zeuen aurrean lapurtu, eta ez duzue berreskuratuko; zuen ardiak etsaiei emango dizkiete, eta ez dizue inork lagunduko.

32. Zuen seme-alabak atzerritarrei emango dizkiete; begiak urtzeraino egongo zarete haiek noiz itzuliko begira-begira, baina ezin ezer egin.

33. Zuen lurraren emaitza eta zuen neke guztien fruitua herri ezezagunak irentsiko ditu. Jende zapaldu eta larrutua izango zarete bizitza osoan.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 28