Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 28:12-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. «Jaunak zeruko bere gordailu aberatsa irekiko du zuentzat, lurrari sasoian sasoiko euria emateko eta zuen jarduera guztiak bedeinkatzeko. Herri askori egingo diozue mailegu, baina zuek mailegurik eskatu beharrik ez duzue izango.

13. «Lehen postuan jarriko zaituzte Jaunak, inoiz ere ez azkenekoan; gora egingo duzue beti, behin ere ez behera, baldin eta gaur ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen eta arretaz betetzen badituzue,

14. ezertan ere saihestu gabe, eta jainko arrotzen atzetik joaten ez bazarete, berauei kultu emateko.

15. «Aitzitik, gaur ematen dizkizuedan agindu eta legeak betetzen saiatu ez eta Jaunari zeuen Jainkoari obeditzen ez badiozue, madarikazio hauek guztiak bete-betean iritsiko zaizkizue.

16. «Madarikatuak izango zarete hirian, madarikatuak landan.

17. «Saskiak eta oramahaiak hutsik utziko dizkizue Jaunak.

18. «Agor egingo zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen lur eta abereak, eta antzu zuen behi eta ardiak.

19. «Madarikatuak izango zarete zeuen eginkizun guztietan.

20. «Madarikazioa, izua eta mehatxua bidaliko dizkizue Jaunak zeuen eginkizun guztietan: suntsitu egingo zaituzte eta bizkor desagerraraziko, zeuen egintza txarrez Jauna baztertzeagatik.

21. «Izurria zabalduko du Jaunak zuen artean, jabetzan hartzera zoazten lurraldetik erauzi arte.

22. Gaitz galgarriz, sukarrez eta hanpaduraz joko zaituzte; lehortez, haize errez eta gorrinez hondatuko dizkizue uztak: ez du etsiko zuek desagerrarazi arte.

23. «Zeuen buru gaineko zerua brontzea bezain lehor eta oinazpiko lurra burdina bezain elkor bihurtuko dizkizue.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 28