Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 24:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Eman dezagun norbait emakume batekin ezkontzen dela, baina gero emakumeagan zerbait lotsagarria aurkitzen duela eta ez zaiola atsegin; orduan, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta bidali egiten duela etxetik;

2. emakumea, ordea, senarraren etxetik alde egin ondoren, beste batekin ezkontzen dela.

3. Senar berriak ere, emakumeaz gogaiturik, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta etxetik bidaltzen badu edota senar berria hiltzen bada,

4. zapuztu zuen lehenengo senarrak ezin hartuko du berriro emaztetzat, kutsatua bihurtu baita berarentzat. Higuingarri izango litzateke hori Jaunarentzat, eta Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldea ez duzue bekatuaz kutsatu behar.

5. «Gizon ezkonberria ez dago soldaduska egitera behartua, ezta beste edozein zerbitzu publiko egitera ere; urtebete geldituko da etxean, edozein betebeharretik libre, hartu duen emaztearekin gozatzeko.

6. «Ez duzue bahituran hartuko, ez errota, ez errotarria, bahituran bizia bera hartzea izango bailitzateke hori.

7. «Norbaitek israeldar herritarra, esklabo bihurtzeko nahiz saltzeko, bahitu egin duela jakiten baduzue, heriotzara emango duzue. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

8. «Izan kontu larruazaleko gaitzekin; arreta osoz beteko duzue nik apaiz lebitarrei agindu eta haiek irakatsiko dizuetena.

9. Gogoratu, Egiptotik honako bidean Jaunak zuen Jainkoak Miriami egin ziona.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 24