Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 20:8-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. «Ofizialek beste hau ere esango diote gudarosteari: “Beldurrez eta kikildurik dagoena, itzul bedi etxera, borroka-lagunak adoregabe ez ditzan”.

9. «Hitzaldia bukatu ondoren, ofizialek buruzagiak izendatuko dituzte gudari-taldeentzat.

10. «Erasotzeko asmoz hiri batera hurbiltzean, bakea proposatuko diozue lehenbizi.

11. Bake-proposamena onartu eta ateak zabaltzen badizkizuete, zeuentzat lan egitera behartuko dituzue bertako bizilagunak.

12. Baina bake-baldintzak onartu ez eta gerra deklaratzen badizuete, setiatu egingo duzue hiria,

13. eta, Jaunak zuen Jainkoak hura zuen esku jartzean, bertako gizonezko guztiak ezpataz hilko dituzue.

14. Emakumezkoak, haurrak, abereak eta hiriko ondasunak, berriz, guda-harrapakintzat hartuko dituzue eta Jaunak zeuen Jainkoak emandako etsaien harrapakinez janarituko zarete.

15. «Horrelaxe jokatuko duzue urrutiko hiriekin, hemengo herrietakoak ez direnekin, alegia.

16. Baina Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat ematen dizkizuen herrialdeetako hirietan ez duzue inor bizirik utziko.

17. Beraz, Jaunak zeuen Jainkoak agindu bezala, erabat suntsituko dituzue hititak, amortarrak, kanaandarrak, periztarrak, hibiarrak eta jebustarrak,

18. beren jainkoen ohorez egiten dituzten higuingarritasunak irakats ez diezazkizueten eta, horrela, Jaunaren zeuen Jainkoaren aurka bekatu egin ez dezazuen.

19. «Hiri bat, eraso eta konkistatu aurretik, luzaroan setiatu behar baduzue, ez dituzue inguruko arbolak aizkoraz botako, beraien fruituez janaritu beharko duzue eta. Gizaki ote dira, bada, arbolak, setiatutzat hartzeko?

20. Hala ere, fruta-arbolak ez diren zuhaitzak bota ditzakezue, gerran ari zaizuen hiriaren kontrako eraso-tresnak egiteko, hiria erori arte.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 20