Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 2:25-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

25. Gaurdanik zuenganako izua eta beldurra sartuko diet munduko herri guztiei: zuen berri jakitean, ikara larriak hartuko ditu.

26. «Kedemot basamortutik mezulariak bidali nizkion Hexbongo Sihon erregeari bakezko mezu honekin:

27. Utz iezaguzu zure lurraldetik igarotzen. Errepidetik joango gara, inora saihestu gabe.

28. Behar ditugun jatekoa eta edateko ura erosi egingo ditugu. Utzi, arren, igarotzen bakarrik,

29. Seirko Esauren ondorengoek eta Ar eskualdeko moabdarrek utzi diguten bezala, Jordan ibaia igaro arte, Jaunak geure Jainkoak ematen digun lurraldera joateko.

30. «Baina Hexbongo Sihon erregeak ez zigun bere lurraldetik igarotzen utzi. Jaunak gure Jainkoak burugogor eta setatsu bihurtu zuen, bera guri eskura emateko asmoz, gaur ikus daitekeen bezala.

31. Izan ere, Jaunak esan zidan: Oraindanik eskura ematen dizkizut Sihon eta beronen lurraldea. Hasi horretaz jabetzen.

32. «Sihon eta beronen gizonak bidera irten zitzaizkigun Jahtzan, borrokara.

33. Baina Jaunak gure Jainkoak gure esku jarri zuen; Sihon, beronen semeak eta herri osoa garaitu genituen.

34. Hala, bertako hiriez jabetu eta jendea erabat suntsitu genuen: gizon, emakume eta haur, ez genuen utzi inor ere bizirik.

35. Abereak eta konkistatu genituen hirietako ondasunak bakarrik gorde genituen guda-harrapakin gisa.

36. Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta ibarraren ertzean dagoen hiritik Galaaderaino, ez zen izan guretzat eskuraezineko hiririk, denak eman zizkigun eskura Jaunak geure Jainkoak.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 2