Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 15:5-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. arretaz obeditzen badiozue eta gaur nik emandako agindu guztiak betetzen saiatzen bazarete.

6. Jaunak zeuen Jainkoak ondasunez beteko zaituzte, berak hitzeman bezala: nazio askori mailegu egingo diozue, baina inori maileguz eskatu beharrik ez duzue izango; nazio ugari menderatuko duzue, baina zuek ez zaituzte inork menpean hartuko.

7. «Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeko hiriren batean zuen herritarren bat behartsu bada, ez izan bihozgabe, ez laguntzarik ukatu senide behartsuari;

8. eskuzabal izango zarete berarekin eta bere premia estaltzeko behar duena emango diozue maileguz.

9. Ez dakizuela, gero, etor gogora pentsamendu zital hau: “Hurbil da zazpigarren urtea, zor guztiak barkatzen direnekoa”, herritar behartsuarekin zeken izan eta ezer eman gabe uzteko; zeren eta deiadar egingo baitio behartsuak Jaunari zuen aurka, eta bekatutzat hartuko zaizue zeuen jokabidea.

10. Eman, beraz, eskuzabal, ez gogoz kontra, eta zeuen Jainko Jaunak zeuen eginkizun eta jarduera guztietan bedeinkatuko zaituzte.

11. «Ez da herrian behartsurik faltako; horregatik agintzen dizuet zeuen herritarrekin, zeuen ardurapean dituzuen dohakabe eta behartsuekin, eskuzabal izateko.

12. «Zeuen herritar hebrearren batek, gizonezko nahiz emakumezko, bere burua halabeharrez esklabotzat saltzen badizue, sei urtez egingo du lan zuentzat, baina zazpigarrenean libre utziko duzue.

13. Libre uztean, ordea, ez duzue esku-hutsik bidaliko:

14. hornitu zeuen artalde, larrain eta dolareko emaitzez, emaiozue Jaunari zeuen Jainkoari esker lortu dituzuen ondasunetatik.

15. Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton eta Jaunak zeuen Jainkoak askatu zintuztela. Horregatik ematen dizuet gaur agindu hau.

16. «Baina esklaboak, zeuek eta zuen familia maite zaituztelako eta zuenean ongi aurkitzen delako, ez duela alde egin nahi adierazten badizue,

17. ziri bat hartu eta atearen kontra belarria zulatuko diozue, eta esklabo izango duzue betiko; berdin egingo duzue esklaboa emakumea bada ere.

18. «Ez damu izan esklaboa libre utzi beharraz, sei urtez zuentzat lan eginez, jornalariak irabazten duen etekina halako bi eman baitizue, eta Jaunak zeuen Jainkoak bedeinkatu egingo zaituzte zeuen eginkizun guztietan.

19. «Abere handi nahiz txikien lehen-kume arrak Jaunari zeuen Jainkoari sagaratuko dizkiozue; ez duzue lanean erabiliko zeuen behien lehen-kumerik, ezta ilerik moztuko ere ardien lehen-kumeari.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 15