Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 13:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Saiatu nik ematen dizkizuedan aginduak betetzen: ez erantsi, ez kendu ezer.

2. «Gerta daiteke profeta edo ikusketariren bat zuen artean agertzea, eta, mirari edo egintza harrigarriren bat iragarriz,

3. ezezagunak dituzuen jainko arrotzen atzetik joan eta gurtzeko eskatzea. Iragarritakoa egiaz gertatuko balitz ere,

4. ez egin kasurik profetaren esanei, ezta ikusketariaren ikuskariei ere; izan ere, horrela, probatu egin nahi zaituzte Jaunak zeuen Jainkoak, bera bihotz-bihotzez eta gogo osoz maite duzuen ikusteko.

5. Jarraitu Jaunari zeuen Jainkoari eta izan begirune berari, gorde aginduak eta egin haren esana, eman kultu Jaunari eta atxiki berari.

6. Delako profeta edo ikusketaria, berriz, hil egin behar da, Egiptotik atera eta esklabotzatik askatu zintuzten Jaunaren zuen Jainkoaren aurka errebeldia predikatu duelako eta Jaunak zuen Jainkoak agindutako ibilbidetik zuek saihesten ahalegindu delako. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

7. «Gerta daiteke ere, gehien maite duzuenetariko batek —anaiak, aita edo ama beraren semeak, zeure semeak edo alabak, emazteak berak edo lagun minak— isilka etorri eta jainko arrotzak gurtzera bultzatu nahi izatea, hau da, ez zeuek, ez zuen gurasoek ezagutu ez dituzuen jainkoak,

8. hurbileko herrienak nahiz urrutikoenak, munduko ertz batetik bestera diren herrienak, gurtzera bultzatu nahi izatea.

9. Ez egin kasurik, ez entzun ere; ez izan horrelakoen gupidarik, ez barkatu, ezta estali ere errua;

10. aitzitik, hil egin behar duzue, eta zeuek izango zarete lehenak halakoa hiltzen, eta herri osoa ondoren.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 13