Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12

Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Daniel otoitzean bere herriaren alde

1. «Dario, Xerxesen semea, mediarren jatorrikoa, Babilonian zegoen errege.

2. Haren erregealdiko lehen urtean, ni, Daniel, Liburu Santuak aztertzen ari nintzen, Jaunak Jeremiasi esan zion hura ulertu nahian, hau da, Jerusalem hirurogeita hamar urtez egongo zela hondatua.

3. Jainko Jaunarengana itzuli nintzen eta otoitz eta erreguak zuzendu nizkion, barau eginez, dolu-jantzia hartuz eta burua hautsez estaliz.

4. Otoitz egin nion Jaunari, neure Jainkoari, eta bekatuak aitortu nizkion, esanez:«Jauna, Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin.

5. Baina guk bekatu egin dugu, gaiztoak izan gara eta zure aurka atera, zure agindu eta erabakietatik urrunduz.

6. Ez diegu jaramonik egin zure zerbitzari profetei, zure izenean gure errege eta buruzagiei, gure arbaso eta herri osoari hitz egin dietenean.

7. Jauna, zu bakarrik zuzena! Gu, ordea, lotsa gorrian gaude: Jerusalemgo bizilagunok, Judako herria, israeldar guztiak, hemen bizi garenok eta urrutikoak, zurekiko desleial izateagatik beste lurraldeetara sakabanatu dituzunak.

8. «Bai, Jauna, lotsaturik gaude, geu eta gure erregeak, gure buruzagi eta gurasoak, bekatu egin baitugu zure aurka!

9. Baina zure aurka jaiki bagara ere, zu, Jainko Jaun hori, gupidatsua zara eta barkatzen dakizuna!

10. Ez dizugu entzun, zeure zerbitzari profeten bidez emandako legeak betetzeko eskatu diguzunean.

11. Israel herri osoak hautsi egin du zure legea, eta bizkarra eman dizu zure esana ez betetzearren. Horregatik erori zaigu gainera zure zerbitzari Moisesen legean idatzitako madarikazioa, zure aurka bekatu egin dugulako.

12. Bete egin duzu, gure eta gure gobernarien aurka eman zenuen hitza, beste inon ere ikusi ez den bezalako zoritxar izugarria Jerusalemera bidaliz.

13. Moisesen legean idatzirik dagoen bezalaxe, hain zuzen, etorri zaigu gainera hainbesteko zoritxar hau; hala ere, Jauna, ez gara zure haserrea baretzen ahalegindu, gure bekatuetatik urrunduz eta zure leialtasuna aitortuz.

14. Horregatik, erne egon zara guri zoritxar hau bidaltzeko. Izan ere, zu, Jauna, gure Jainkoa, zuzena zara egiten duzun guztian; baina guk entzungor egin diogu zure esanari.

15. «Jauna, gure Jainkoa, ahalmen handiz atera zenuen herria Egiptotik eta izen handia zeureganatu duzu gaurdaino; guk, berriz, bekatu egin dugu eta gaizki jokatu.

16. Zuzena zarelako, Jauna, urrundu Jerusalemdik, zeure hiri eta mendi santutik, zeure haserrea eta sumina. Gure hoben eta gurasoen egintza gaiztoengatik irainez betetzen dituzte Jerusalem eta zure herria inguruan bizi diren guztiek.

17. Entzun, bada, Jauna, gure Jainkoa, nire otoitza eta erregua. Begira onginahiz zeure santutegi hondatuari. Zarena zarelako, Jauna!

18. Ene Jainko, entzun eta begira: ikusi zeuri sagaraturiko hiriaren hondamena. Ez dizkizugu egiten erreguok ezer merezi dugulakoan, zure errukia handia delako baizik.

19. Entzun, Jauna! Barkatu, Jauna! Begira, Jauna! Zarena zarelako, ekin luzatzeke zeuri sagaraturiko hiri eta herri honen alde.

Hirurogeita hamar asteen profezia

20. «Artean otoitzean ari nintzen, neure bekatuak eta Israelenak aitortzen, eta Jaunari, neure Jainkoari, bere mendi santuaren alde erreguka.

21. Eta bat-batean, aurreko ikuskarian agertu zitzaidan Gabriel aingerua bera etorri zitzaidan hegan. Arratsaldeko oparia eskaintzen den ordua zen.

22. Honela esan zidan:«Daniel, ulertzen laguntzera etorri natzaizu.

23. Zu otoitzean hasi bezain laster, mezu bat eman du Jainkoak, eta horren berri ematera natorkizu, bereziki maite baitzaitu Jainkoak. Ahalegin zaitez, beraz, mezua eta ikuskariaren esanahia ulertzen.

24. «Zazpi urteko hirurogeita hamar denboraldi daude erabakita zure herriarentzat eta hiri santuarentzat. Beharrezkoa da denboraldi hori, errebeldiari amaiera emateko, bekatuen barkamena lortzeko eta zuzentasun iraunkorra ezartzeko, ikuskariak eta profeziak beren betera eramateko eta toki santu-santua sagaratzeko.

25. Hauxe da jakin eta ulertu behar duzuna: Erbestetik itzuli eta Jerusalem berreraikitzeko mezua agertu zenetik buruzagi sagaratua agertu arte, zazpi urteko zazpi denboraldi igaroko dira; zazpi urteko hirurogeita bi denboralditan erbestetik etorri eta hiria eta honen kale eta harresiak egingo dituzte, baina garai zailak izango dira.

26. Hirurogeita bi denboraldien buruan gizon sagaratu bat hilko dute, inork ere lagunduko ez diolarik. Gero, buruzagi bat etorriko da bere gudarostearekin, hiria eta santutegia erraustuz. Uholde baten antzera etorriko da azkena. Gerrak eta hondamena izango dira ordu arte, Jainkoak erabaki bezala.

27. «Buruzagiak ituna egingo du jende askorekin zazpi urteko denboraldian. Denboraldi honen erdian geldiaraziko ditu sakrifizioa eta eskaintza; ikaragarrizko idolo higuingarria ezarriko du aldare gainean, hondatzaileari ere erabakitako azkena iritsi arte».