Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 6:7-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Horrela, bada, ministroek eta eskualdeburuek zalapartaka erregeagana jo zuten, esanez: «Bizi zaitez luzaro, Dario errege!

8. Erreinuko ministro, eskualdeburu, kontseilari eta gobernariek aho batez eskatzen dizute errege-agindu hau eman eta aldarrika dezazun: Errege jauna, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurti dezatela lehoien zulora.

9. Beraz, eman agindu hori eta sinatu, aldatua izan ez dadin, mediarren eta pertsiarren aldaezineko beste legeak bezala».

10. Hala, Dario erregeak sinatu egin zuen agindua.

11. Agindua sinatua zegoela jakitean, Daniel bere etxera erretiratu zen. Goiko gelako leihoak Jerusalem aldera ematen zuen eta han belaunikatzen zen, egunean hiru aldiz otoitz egin eta Jainkoa goresteko. Hala egin ohi zuen beti.

12. Orduan, Danielen etsaiak zalapartaka sartu ziren haren etxean, eta bere Jainkoari otoitzean aurkitu zuten.

13. Orduan, erregeagana joan eta esan zioten:—Errege jauna, ez al duzu agindu, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurti dezatela lehoien zulora?Erregeak erantzun zuen:—Halaxe da! Mediarren eta pertsiarren legeen arabera, emandako agindua aldaezina da.

14. Orduan, haiek erregeari:—Ba, errege jauna, Judatik gatibu ekarritako Daniel horrek ez dizue batere begirunerik, ez zuri, ez zure aginduei: bere Jainkoari hiru aldiz egiten dio otoitz egunean.

15. Hau entzutean, erregea biziki nahigabetu zen eta Daniel libratzea erabaki zuen. Iluntzera arte ibili zen hura salbatu nahian.

16. Baina etorri ziren berriro ere gizon haiek eta esan zioten:—Errege jauna, ondo dakizu, mediarren eta pertsiarren legeen arabera, erregeak sinaturiko debekuak nahiz aginduak aldaezinak direla.

17. Orduan, Daniel ekarri eta lehoien zulora jaurtitzeko agindu zuen. Erregeak esan zion: «Halako iraupen handiz zerbitzatzen duzun Jainkoak bakarrik salba zaitzake!»

18. Harri bat ekarriz, lehoi-zuloaren sarreran jarri zuten, eta erregeak bere errege-zigiluz eta funtzionarioen zigiluz zigilatu zuen, Danieli buruz erabakitakoa inork alda ez zezan.

19. Gero, erregeak bere jauregira itzuli eta emakumerik gabe eta baraurik igaro zuen gaua. Ezin izan zuen gau osoan lorik egin.

20. Eguna argitu orduko, jaiki zen erregea eta lehoi-zulora joan zen lasterka batean.

21. Lehoi-zulora hurbiltzean, Danieli hots egin zion ahots saminez:—Daniel, Jainko biziaren zerbitzaria! Hain iraupen handiz zerbitzatzen duzun Jainkoak libratu al zaitu lehoiengandik?

Irakurri kapitulu osoa Daniel 6