Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 6:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Eta Dario mediarra egin zen hango errege, hirurogeita bi urte zituela.

2. Bere erreinuan ehun eta hogei eskualdeburu jartzea erabaki zuen Dariok, eskualde bakoitzean ordezkari bat izateko.

3. Haien buru hiru ministro ezarri zituen; hauei eman behar zieten eskualdeburuek beren administrazioaren kontua, erregearen kaltetan ibil ez zitezen. Daniel zen hiru ministro horietako bat

4. eta, berebiziko gaitasunak zituelako, beste ministro eta eskualdeburuen artean nabarmendu egiten zen; horregatik, erreinu guztiko gobernu-erantzukizuna berari emateko asmotan zebilen erregea.

5. Hargatik, beste bi ministroak eta eskualdeburuak, erreinuaren administrazioan Danieli erruren bat nola aurkitu zebiltzan; baina ezin zuten lortu, leiala baitzen, zabarkeriarik gabea.

6. Beraz, hau ziotsoten elkarri: «Ezin izango diogu aurkitu zertan salaturik, bere erlijioari buruzko zerbaitetan izan ezik».

7. Horrela, bada, ministroek eta eskualdeburuek zalapartaka erregeagana jo zuten, esanez: «Bizi zaitez luzaro, Dario errege!

8. Erreinuko ministro, eskualdeburu, kontseilari eta gobernariek aho batez eskatzen dizute errege-agindu hau eman eta aldarrika dezazun: Errege jauna, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurti dezatela lehoien zulora.

9. Beraz, eman agindu hori eta sinatu, aldatua izan ez dadin, mediarren eta pertsiarren aldaezineko beste legeak bezala».

10. Hala, Dario erregeak sinatu egin zuen agindua.

11. Agindua sinatua zegoela jakitean, Daniel bere etxera erretiratu zen. Goiko gelako leihoak Jerusalem aldera ematen zuen eta han belaunikatzen zen, egunean hiru aldiz otoitz egin eta Jainkoa goresteko. Hala egin ohi zuen beti.

12. Orduan, Danielen etsaiak zalapartaka sartu ziren haren etxean, eta bere Jainkoari otoitzean aurkitu zuten.

13. Orduan, erregeagana joan eta esan zioten:—Errege jauna, ez al duzu agindu, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurti dezatela lehoien zulora?Erregeak erantzun zuen:—Halaxe da! Mediarren eta pertsiarren legeen arabera, emandako agindua aldaezina da.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 6