Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 5:13-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Ekarri zuten, bada, Daniel erregeagana eta honek galdetu zion:—Zu al zaitugu Daniel, nire aitak Judatik gatibu ekarri zituen juduetakoa?

14. Jainkoen espiritua duzula eta berebiziko buruargitasun, trebetasun eta jakinduriaren jabe zarela entzun dut.

15. Arestian ekarri ditut jakitun eta aztiak, hor idatzirik dagoena irakurri eta esanahia azal diezadaten; baina ez dira gauza izan.

16. Zuk ba omen dakizu honelako asmakizunak igartzen eta gauza korapilatsuak erabakitzen. Hor idatzia irakurri eta esanahia azaltzen badidazu, purpuraz jantziko zaitut, lepoan urrezko katea jarriko, eta agintez hirugarrena izango zara nire erreinuan.

17. Danielek erantzun zion:—Errege jauna, ez dut erregalu edo sari beharrik, gorde zeuretzat edo eman besteren bati. Baina hor idatzia irakurriko dizut eta esanahia azalduko.

18. Goi-goiko Jainkoak errege handi egin zuen Nabukodonosor zure aita, ohore eta aintzaz jantzia.

19. Eta Jainkoak emaniko handitasun horrengatik, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendea beldur zen haren aurrean. Izan ere, bere nahierara ematen zuen heriotza edo bizia, bere nahierara jasotzen edo beheratzen.

20. Baina harrokeriaz eta handiustez bete zen, eta erregetzatik eraitsi egin zuten eta bere aintza galdu zuen.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 5