Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 5:1-8 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Belxatzar erregeak mila goi-funtzionario gonbidatu zituen otordu handi baterako, eta haiekin batera ardoa edaten hasi zen.

2-3. Ardoak beroturik, bere aita Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik hartu zituen urre eta zilarrezko ontziak ekartzeko agindu zuen, bere funtzionario, emazte eta ohaideekin batera beraietatik edateko asmoz. Ekarri zituzten, bada, Jerusalemgo Jainkoaren etxetik hartutako urre eta zilarrezko ontziak eta guztiek beraietatik edan zuten.

4. Ardoa edaten zuten bitartean, urre, zilar, brontze, burdina, zur eta harrizko jainko-irudiak goresten hasi ziren.

5. Bat-batean, giza esku bat agertu zen eta aretoko paretan, argimutilaren atzean, behatzez idazten hasi zen. Idazten ari zen eskua ikustean,

6. zuri-zuri jarri zen erregea eta, bere burutazioek beldurturik, indarrik gabe eta belaunak dardaraz gelditu zen.

7. Deiadarka hasi zen, aztiak, astrologoak eta igarleak ekartzeko aginduz. Honela esan zien: «Hor idatzia eta berorren esanahia azalduko didana purpuraz jantziko dut, lepoan urrezko katea jarriko diot eta agintez hirugarrena izango da nire erreinuan».

8. Aurkeztu ziren, bada, erregearen zerbitzura zeuden jakitun guztiak; baina ez ziren idatzia irakurtzeko gauza izan, ezta haren esanahia erregeari azaltzeko ere.

Irakurri kapitulu osoa Daniel 5