Itun Zaharra

Itun Berria

Daniel 3:18-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. Eta hala ez balitz ere, jakin ezazu, errege jauna, ez ditugula zerbitzatuko zure jainkoak, ezta gurtuko ere zuk eraiki duzun urrezko irudia.

19. Hitz horiek entzutean, haserre gorritan jarri zen Nabukodonosor Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren kontra, eta labea bestetan halako zazpi berotzeko agindu zuen.

20. Ondoren, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego lotzeko agindu zien bere gudaririk indartsuenei, eta labeko su bizira botatzeko.

21. Eta loturik, beren jantzi eta guzti, praka, soingaineko eta burukoekin, labeko su bizira jaurti zituzten.

22. Erregearen agindu zorrotzaren arabera labea bizi-bizi piztu baitzuten, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego jaurtitzeko labera hurbildu ziren gudariak berak suak kiskalita hil ziren.

23. Eta Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, hirurak, su bizitan zegoen labera erori ziren lotuta.

24. Nabukodonosor erregea jauzi batez zutitu zen eta, harriturik, bere kontseilariei galdetu zien:—Ez al ziren hiru, lotu eta sutara botatako gizonak?—Halaxe da, errege jauna —erantzun zioten.

25. Eta erregeak:—Ba, nik lau gizon ikusten ditut, suaren erdian libre dabiltzala; ez die suak kalterik egin, eta laugarrenak aingerua dirudi.

26. Nabukodonosorrek, sutan zegoen labera hurbildurik, oihu egin zuen: «Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, goi-goiko Jainkoaren zerbitzariok, atera kanpora!»Berehala irten ziren labe barrutik.

27. Eskualdeburu, ministro, gobernari eta kontseilari guztiak bildu ziren gizon haiek ikusteko: suak ez zien ezer egin gorputzean, ileak ere ez zitzaizkien kiskali, jantziak ukitu gabe zeuzkaten eta ez zerien erre-usainik.

28. Orduan, oihu egin zuen erregeak: «Bedeinkatua Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren Jainkoa! Aingerua bidali du berarengan uste osoa zuten zerbitzariak libratzera. Nahiago izan baitute erregearen agindua hautsi eta beren bizia arriskatu, berena ez duten jainko bat zerbitzatu eta gurtu baino.

29. Horregatik, hauxe agintzen dut: Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren Jainkoaren kontra gaizki hitz egiten duena, edozein herri, nazio edo hizkuntzatakoa delarik ere, txiki-txiki egina izango da, eta halakoaren etxea zabortegi bihurtua. Ez baita gizona horrela libra dezakeen beste jainkorik».

Irakurri kapitulu osoa Daniel 3