Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 7:8-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Beste hau ere esan zion Jaunak Natani: «Esaiozu, gainera, ene zerbitzari Davidi: Hau dio Jaun ahalguztidunak: Nik atera zintudan larreetatik, artaldeen artetik, ene herri Israelen agintari izateko.

9. Zeurekin izan nauzu ibili zaren toki guztietan. Hondatu ditut aurrean jarri zaizkizun etsaiak oro. Lurreko handikiena bezain izen handia eman dizut.

10. Bizitokia emanen diot ene herri Israeli; hantxe errotu eta kokatuko dut. Aurrerantzean ez da ikaratuko; gaizkile horiek ez dute gehiago zapalduko, antzina

11. ene herri Israeli buruzagiak eman nizkionean, egin zuten bezala. Lasaitasuna emanen dizut zeure etsai guztiekiko. Ondorengotza emanen dizula jakinarazten dizu Jaunak.

12. Zure egunak bete ondoren, zeure gurasoekin etzango zarenean, zure ondorengo bat ezarriko dut, zuregandik sortua, eta sendotu eginen dut beraren erregetza.

13. Hark eraikiko dit etxea, eta nik errege-aulkia sendotuko diot.

14. Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura. Okerrik egingo balu, zuzendu egingo nuke, gizakiek erabili ohi dituzten makilaz eta zigorrez.

15. Hala ere, ez dut neure onginahia harengandik baztertuko, Saulengandik baztertu nuen bezala, baztertu egin bainuen neure aurretik bera.

16. Zure etxeak eta zure erregetzak betierean iraungo dute zure ondoren, eta zeure errege-aulkia sendoa izanen duzu beti».

17. Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi.

18. Orduan, David oihal-etxolara sartu eta honela mintzatu zitzaion Jaunari: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni honetaraino ekartzeko?

19. Eta hori ere gutxitzat jota, Jainko Jauna, zure morroi honen etxeari luzarorako hitza eman diozu. Hori ez da maiz gertatzen, Jainko Jauna.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 7