Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 7:13-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Hark eraikiko dit etxea, eta nik errege-aulkia sendotuko diot.

14. Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura. Okerrik egingo balu, zuzendu egingo nuke, gizakiek erabili ohi dituzten makilaz eta zigorrez.

15. Hala ere, ez dut neure onginahia harengandik baztertuko, Saulengandik baztertu nuen bezala, baztertu egin bainuen neure aurretik bera.

16. Zure etxeak eta zure erregetzak betierean iraungo dute zure ondoren, eta zeure errege-aulkia sendoa izanen duzu beti».

17. Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi.

18. Orduan, David oihal-etxolara sartu eta honela mintzatu zitzaion Jaunari: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni honetaraino ekartzeko?

19. Eta hori ere gutxitzat jota, Jainko Jauna, zure morroi honen etxeari luzarorako hitza eman diozu. Hori ez da maiz gertatzen, Jainko Jauna.

20. Zer gehiago esan diezazuket nik, Davidek? Jainko Jauna, zuk ezagutzen nauzu morroi nauzun hau.

21. Zeuk nahi eta esan bezala egin dituzu gauza handi hauek guztiak, eta zeure morroi honi agertu dizkiozu.

22. Horregatik, Jainko Jauna, handia zara, ez baita zu adinakorik. Ez da jainkorik zu baizik, geure belarriz entzun izan dugun bezala.

23. Ba ote da lurrean Israel zure herria bezalako besterik? Zeu, Jainko, etorri zinen herri hau askatzera, zeure herri egiteko, zeure izena emateko eta beronen alde gauza handiak egiteko. Izugarriak egin dituzu zeure herriaren alde. Ba ote da beste herririk, Egiptotik eta gainerako herri eta jainkoen menpetik askatu duzuna bezalakorik?

24. Zuk Israel zeure herri egin duzu betiko, eta zu zeu, Jauna, berorren Jainko egin zara.

25. Beraz, Jainko Jauna, iraunarazi beti zeure morroi honi eta nire ondorengotzari eman diozun hitza. Egizu esan bezala.

26. Izan bedi handietsia zure izena beti! Esan bezate: “Jaun ahalguztiduna Israelen Jainkoa!” Eta iraun beza zure aurrean, morroi duzun David honen ondorengotzak.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 7