Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 6 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Davidek kutxa Jerusalemera eraman

1. Bildu zituen Davidek berriro Israelgo gizonik aukerakoenak: hogeita hamar mila.

2. Eta Judako Baalatik abiatu zen, bere jende guztiarekin, Jaunaren kutxa handik ekartzeko asmoz. Kutxa hau Jaunaren izenari eskainia dago, izaki hegaldunen gainean jarria dagoen Jaun ahalguztidunaren izenari.

3. Ezarri zuten Jainkoaren kutxa gurdi berri baten gainean eta eraman zuten, muinoan zegoen Abinadaben etxetik. Uza eta Ahio, Abinadaben semeak, zihoazen itzain.

4. Han zeramaten, bada, gurdia, muinoan dagoen Abinadaben etxetik, Jainkoaren kutxa gainean zuela. Ahio aurretik zihoan.

5. David eta israeldar guztiak gogotik dantzatuz eta kantatuz zihoazen aurretik, zipres-zurezko musika-tresnak —zitarak, harpak, danbolinak, albokak eta txilinak— joz.

6. Nakonen larrainera heltzean, idiak irristatu egin ziren, eta Uzak, eskua luzatuz, eutsi egin zion Jainkoaren kutxari.

7. Jauna biziki haserretu zitzaion Uzari; bertan zauritu zuen eta han hil zen, Jainkoaren kutxa ondoan.

8. Atsekabetu egin zen David, Jaunak Uza jo eta ebaki zuelako, eta toki hari Peretz-Uza esan zion, hau da, «Uzaren Ebakidura», eta horrela deritza egundaino.

9. Egun hartan Jaunaren beldur izan zen David. Honela zioen: «Nola ekarriko dut, bada, nirera Jaunaren kutxa?»

10. Hala, Davidek ez zuen Jaunaren kutxa berera, Daviden Hirira, sarrarazi nahi izan, eta Gateko Obed-Edomen etxera eraman zuen.

11. Hiru hilabetez egon zen Jaunaren kutxa Gateko Obed-Edomenean. Jaunak bedeinkatu egin zituen Obed-Edom eta beronen etxe osoa.

Kutxa Jerusalemera

12. Jakinarazi zioten hori David erregeari, esanez:—Jaunak bedeinkatu egin ditu Obed-Edomen etxea eta honena den guztia, Jainkoaren kutxa dela eta.Joan zen, orduan, David eta Obed-Edomen etxetik Daviden Hirira igoarazi zuen Jainkoaren kutxa, bozkarioz beterik.

13. Jainkoaren kutxa zeramatenek sei urrats egin zituztenean, idia eta zekor gizendua eskaini zituen opari.

14. David Jaunaren aitzinean gogotik dantza eginez zihoan, lihozko efodaz jantzia.

15. Oihu eta adar-hots artean zeramaten Jaunaren kutxa Davidek eta israeldar guztiek.

16. Jaunaren kutxa Daviden Hirira sartzen ari zelarik, Saulen alaba Mikal leihotik begira zegoen eta David erregea Jaunaren aitzinean jauzika eta dantzan ikusi zuen, eta arbuiatu egin zuen bere baitan.

17. Eraikia zuen Davidek oihal-etxola Jaunarentzat, eta han sartu zuten Jaunaren kutxa, eta erdian ezarri, bere tokian. Orduan, erre-opariak eskaini zizkion Davidek Jaunari, baita elkartasun-opariak ere.

18. Erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzen bukatu zuenean, bedeinkatu egin zuen herria Jaun ahalguztidunaren izenean.

19. Ondoren, herri osoari, israeldar jendetza guztiari, gizaseme nahiz emakume, opil bana, haragi-zati bana eta mahaspasa-opil bana eman zizkien. Orduan, jende guztiak nork bere etxera alde egin zuen.

20. David bere jauregia bedeinkatzeko itzuli zenean, Saulen alaba Mikal atera zitzaion, esanez:—Itxura ederra azaldu du gaur Israelgo erregeak, bere morroi-mirabeen aurrean biluzik, edozein lagun zirtzil biluzik jarriko litzatekeen bezala, jarriz!

21. Davidek esan zion Mikali:—Jaunaren aurrean dantzatu naiz, bai. Berak aukeratu nau zuen aitaren eta beronen etxeko guztien ordez, eta Israel Jaunaren herriaren agintari egin nau. Berriro ere dantzatuko naiz Jaunaren aurrean;

22. oraino apalago eta arbuiagarriago eginen dut neure burua. Baina zuk aipatu dituzun mirabe horiek ohoratu egingo naute.

23. Harrezkero, Saulen alaba Mikalek ez zuen haurrik ukan bere bizitza osoan.