Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 3:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Luzea izan zen Saulen eta Daviden etxeen arteko borroka. David gero eta sendoago egiten ari zen; Saulen etxea, aldiz, gero eta ahulago.

2. Hona hemen Davidi Hebronen jaio zitzaizkion semeak: zaharrena Amnon, Izreelgo Ahinoamengandik;

3. bigarrena Kilab, Karmelgo Nabalen emazte izana zen Abigailengandik; hirugarrena Absalom, Gexurko errege Talmai-ren alaba zen Maakaren semea;

4. laugarrena Adonias, Hagit-en semea; bosgarrena Xefatias, Abital-en semea,

5. eta seigarrena Itream, Daviden emazte Eglarengandik jaioa. Horiek sortu zitzaizkion Davidi Hebronen.

6. Saulen etxekoak eta Davidenekoak liskarretan zebiltzan bitartean, Abner nagusituz joan zen Saulen etxean.

7. Bazuen Saulek Ritzpa izeneko ohaide bat, Aia-ren alaba. Ix-Boxetek esan zion Abnerri:—Zergatik oheratu zara gure aitaren ohaidearekin?

8. Biziki haserretu zen Abner Ix-Boxeten salaketa horrekin eta ihardetsi zion:—Zakurraren putza ote naiz, bada, ni Judan? Hemen ari naiz etengabe zuen aita Saulen etxearen alde, berorren ahaide eta adiskideen alde; ez dut utzi zu Daviden eskuetara eror zaitezen. Eta emakume horrekin okerra egin dudala botatzen al didazu aurpegira?

9. Zigor nazala gogor Jainkoak, Jaunak Davidi egin zion zina betetzen gaurdanik lehiatzen ez banaiz;

10. erregetza Saulen etxeari kendu eta Israelen eta Judan, Dandik hasi eta Beer-Xebaraino, Daviden errege-aulkia sendotuko zuela egin baitzuen zin.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 3