Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 21:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Daviden garaian, hiru urtez iraun zuen gosetea izan zen. Davidek Jaunari kontsulta egin zion eta Jaunak erantzun:—Odola zor dute oraino Saulek eta beronen senitartekoek, gabaondarrak hil zituztelako.

2. Erregeak gabaondarrei dei egin zien, beraiekin mintzatzeko. Gabaondarrak ez ziren israeldar, amortarren artetik bizirik geldituak baizik. Egina zuten hitzarmena israeldarrekin; baina Saulek, Israel eta Judakoenganako gehiegizko axolaz, galdu egin nahi izan zituen haiek.

3. Davidek esan zien gabaondarrei:—Zer egin dezaket zuen alde? Zerez ordain diezazueket, Jaunaren ondarea bedeinka dezazuen?

4. Gabaondarrak erantzun zioten:—Saulekin eta beronen senitartekoekin duguna, ez da zilar-, ez urre-kontua; ezta Israelgo inor hilaraztea ere.Erregeak berriro:—Nahi duzuena eginen dizuet.

5. Haiek esan zioten:—Gizon hark hondatu egin gintuen; hala uste izan zuen bederen: suntsituak ginela Israelen lurralde osoan bizi direnen artetik.

6. Emazkiguzu orain haren ondorengoetako zazpi gizon, eta hil egingo ditugu Jaunaren aurrean, Saulen hiria den Gibean, Jaunak hautatu zuenaren hirian.Erregeak esan zien:—Emango dizkizuet, bada.

7. Mefi-Boxeti, ordea, Saulen seme Jonatanen semeari, barkatu egin zion, Jonatanek eta Davidek Jaunaren aurrean egina zuten zinarengatik.

8. Hartu zituen, aldiz, Aiaren alaba Ritzpak Sauli eman zizkion bi semeak, Armoni eta Mefi-Boxet, eta Saulen alaba Mikalek Adrieli, Meholako Bartzilairen semeari, eman zizkion bost semeak,

9. eta gabaondarren esku utzi zituen. Hauek urkatu egin zituzten mendian, Jaunaren aitzinean. Zazpiak batera hil ziren, uztaroaren lehen egunetan, garagarra biltzen hastean.

10. Aiaren alaba Ritzpa zaku bat hartu eta harkaitzaren gainean gelditu zen, uztaroaren hasieratik gorpuen gainera euria egin zuen arte. Egunez ez zien uzten zeruko hegaztiei haien gainean kokatzen, ezta basapiztiei ere gauez.

11. Aiaren alaba eta Saulen ohaide Ritzpak egin zuena Davidi adierazi ziotenean,

12. joan eta Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrak Galaadeko Jabexeko bizilagunen eskuetatik hartu egin zituen; izan ere, ostuak zituzten hauek Bet-Xango plazatik, Saul Gilboan hil ondoren filistearrek zintzilikatu zituzten tokitik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 21