Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 18:17-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Orduan, Absalom hartu eta basoko zulo handi batera bota zuen; gero, harri-pila handia ezarri zioten gainean. Israeldar guztiak beren etxoletara joan ziren ihesi.

18. Bizi zelarik, eraikia zuen beretzat Absalomek Errege Haranean dagoen oroitarria, berekiko esanez: «Ez dut ene izena oroitaraziko duen semerik». Eta bere izena ezarri zion oroitarriari. Horregatik deritza gaurdaino «Absalomen oroitarria».

19. Tzadoken seme Ahimaatzek esan zion Joabi:—Uztazu, arren, erregeari berri on hau ematera lasterka joaten: Jauna bere alde atera eta etsaiengandik libratu duela.

20. Joabek esan zion:—Gaur ezin zara berri onaren eramaile izan; beste egunen batean bai, beharbada. Baina gaur ezin duzu berri onik eraman, hila baita erregearen semea.

21. Orduan, Joabek agindu zion etiopiar bati:—Hoa eta adierazi erregeari ikusi duana.Etiopiarra, Joaben aurrean ahuspeztu ondoren, lasterka abiatu zen.

22. Tzadoken seme Ahimaatzek esan zion berriro Joabi:—Dena dela, uztazu niri ere lasterka joaten, etiopiarraren atzetik.Joabek esan zion:—Zertarako nahi duzu joan lasterka, ene seme? Ez baituzu saririk izango berri on horren ordain.

23. Eta Ahimaatzek:—Dena dela, banoa lasterka.Joabek, orduan:—Zoaz, bada.Ahimaatz lautadako bidetik joan zen lasterka, eta aurrea hartu zion etiopiarrari.

24. David hiri-sarrerako bi ateen artean zegoen eseria. Ate gaineko solairura igoa zegoen zaintzaileak begiak jaso eta gizon bat bakarrik lasterka zetorrela ikusi zuen,

25. eta erregeari jakinarazi zion oihuka. Erregeak esan zuen:—Bakarrik baldin badator, berri onak dakartza.Lasterkaria hurbildu ahala, ordea,

26. zaintzaileak beste gizon bat ere atzetik lasterka zetorrela ikusi zuen. Zaintzaileak honela egin zion deiadar atezainari:—Beste gizon bat dator lasterka, hori ere bakarrik.Eta erregeak esan zuen:—Horrek ere berri onak dakartza, noski.

27. Zaintzaileak berriro:—Lehenengoaren ibilera, Tzadoken seme Ahimaatzena da.Erregeak esan zuen:—Gizon ona dugu hori; berri onarekin dator.

28. Ahimaatzek esan zion oihuka erregeari:—Agur, jauna!Eta, erregearen aurrean lurreraino ahuspeztuz, jarraitu zuen:—Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, menderatu baititu ene errege jaunaren kontra jaiki ziren gizonak!

29. Erregeak galdegin zion:—Onik al da Absalom gaztea?Ahimaatzek erantzun:—Iskanbila handia ikusi nuen, Joabek ni, zure zerbitzari hau, zuregana bidali ninduenean; baina ez dakit zer gertatuko zen.

30. Erregeak agindu zion:—Egon hor atzean!Joan zen atzera eta han gelditu zen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 18