Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 15:7-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Lau urteren buruan, behin batean, esan zion Absalomek erregeari:—Joan al naiteke Hebronera, Jaunari hitzeman nion eskaintza egitera?

8. Siriako Gexur hirian nintzelarik, nik, zure zerbitzari honek, promes hau egin bainuen: «Jaunak Jerusalemera itzularazten banau, oparia eskainiko diot Jaunari».

9. Erregeak erantzun zion:—Zoaz bakean.Jaiki eta abiatu zen Hebronerantz.

10. Absalomek, ordea, mandatariak igorri zizkien Israelgo leinu guztiei, esanez:—Adar-hotsa entzun orduko, esazue: «Absalom errege da Hebronen».

11. Absalomekin batera, berrehun gizon gonbidatu joan ziren Jerusalemdik, xalo-xalo, deus ere jakin gabe.

12. Sakrifizioa eskaintzen ari zelarik, etorrarazi zuen Absalomek Gilotik Ahitofel giloarra, Daviden aholkularia. Azpilanak gero eta indar handiagoa zuelarik, gero eta jende gehiago ari zitzaion biltzen Absalomi.

13. Hartan, batek honela adierazi zion Davidi:—Israeldarren bihotzak Absalomen alde jarri dira.

14. Orduan, esan zien Davidek Jerusalemen berekin zituen zerbitzariei:—Goazen ihesi, bestela Absalomek ez digu ihesbiderik utziko. Zabiltzate bizkor; ez dadila gerta berak aurrea hartu, harrapatu eta hondamena ekarriz hiriko guztiok ezpataz garbitzea.

15. Zerbitzariek ihardetsi zioten erregeari:—Prest gaude gure errege jaunak erabakitakoa betetzeko.

16. Etxea zaintzeko hamar ohaide utzirik, oinez atera zen erregea etxeko guztiekin.

17. Erregea eta bere lagun guztiak oinez kanpora zihoazela, hiriko azken etxearen ondoan gelditu ziren.

18. Zerbitzari guztiak erregearen ondoan zihoazen; keretar eta peletar guztiak eta Gatetik jarraitu zioten seiehun gizon gatarrak, berriz, erregearen aurretik.

19. Erregeak esan zion Itai gatarrari:—Gurekin etorri behar al duzu zuk ere? Itzul zaitez eta gelditu beste erregearekin; zu ere atzerritarra zara eta zeure herritik erbesteratua.

20. Atzo heldu zinen eta gaur neurekin eraman behar ote zaitut bada, noraezean ibiltzeko, neuk ere nora joan ez dakidalarik? Itzul zaitez eta eraman zeurekin zeure senideak. Jaunaren onginahia eta leialtasuna zurekin!

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 15