Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 15:6-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Halaxe egin ohi zuen erregeagana zuzenbide eske zetozen israeldar guztiekin. Horrela, bereganatzen ari zen israeldarren bihotzak.

7. Lau urteren buruan, behin batean, esan zion Absalomek erregeari:—Joan al naiteke Hebronera, Jaunari hitzeman nion eskaintza egitera?

8. Siriako Gexur hirian nintzelarik, nik, zure zerbitzari honek, promes hau egin bainuen: «Jaunak Jerusalemera itzularazten banau, oparia eskainiko diot Jaunari».

9. Erregeak erantzun zion:—Zoaz bakean.Jaiki eta abiatu zen Hebronerantz.

10. Absalomek, ordea, mandatariak igorri zizkien Israelgo leinu guztiei, esanez:—Adar-hotsa entzun orduko, esazue: «Absalom errege da Hebronen».

11. Absalomekin batera, berrehun gizon gonbidatu joan ziren Jerusalemdik, xalo-xalo, deus ere jakin gabe.

12. Sakrifizioa eskaintzen ari zelarik, etorrarazi zuen Absalomek Gilotik Ahitofel giloarra, Daviden aholkularia. Azpilanak gero eta indar handiagoa zuelarik, gero eta jende gehiago ari zitzaion biltzen Absalomi.

13. Hartan, batek honela adierazi zion Davidi:—Israeldarren bihotzak Absalomen alde jarri dira.

14. Orduan, esan zien Davidek Jerusalemen berekin zituen zerbitzariei:—Goazen ihesi, bestela Absalomek ez digu ihesbiderik utziko. Zabiltzate bizkor; ez dadila gerta berak aurrea hartu, harrapatu eta hondamena ekarriz hiriko guztiok ezpataz garbitzea.

15. Zerbitzariek ihardetsi zioten erregeari:—Prest gaude gure errege jaunak erabakitakoa betetzeko.

16. Etxea zaintzeko hamar ohaide utzirik, oinez atera zen erregea etxeko guztiekin.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 15