Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 15:21-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. Itaik, ordea, ihardetsi zion erregeari:—Ala Jauna! Ala erregea, ene jauna! Nire errege jauna nora, ni ere hara, hiltzeko nahiz bizitzeko.

22. Eta Davidek Itairi:—Aurrera, bada!Halaxe iragan zen Itai gatarra aurrera, bere gizon guztiekin eta berekin zuen senitarte osoarekin.

23. Herri osoa garrasika ari zen negarrez, jende hura guztia bazihoala ikustean. Iragan zuen erregeak Zedron erreka, eta jende guztiarekin basamorturako bidea hartu zuen.

24. Tzadok apaiza ere han zihoan, Jainkoaren itun-kutxa zeramaten lebitar guztiekin. Lurrean utzi zuten Jainkoaren kutxa, jende guztia hiritik atera bitartean. Abiatarrek sakrifizioak eskaini zituen.

25. Orduan, esan zion erregeak Tzadok apaizari:—Itzul ezazu Jainkoaren kutxa hirira. Jaunak begiko baldin banau, itzularaziko nau eta ikusaraziko dizkit kutxa eta bera dagoeneko oihal-etxola.

26. Begiko ez banau, berriz, egin beza nirekin egoki deritzona.

27. Beste hau ere esan zion erregeak Tzadok apaizari:—Hara, itzul zaitezte bakean hirira Abiatar eta biok eta zeuen bi semeak: Ahimaatz zure semea eta Jonatan Abiatarren semea.

28. Begira, ni basamortuko lautadetan geldituko naiz, zuen berririk izan dezadan arte.

29. Hala, Tzadokek eta Abiatarrek Jerusalemera eraman zuten, ostera, Jainkoaren kutxa, eta bertan gelditu ziren.

30. David Oliamendiko maldan gora zihoan negarrez, burua estalirik eta oinutsik; berarekin zen jende guztia ere, burua estalirik, negarrez zihoan gorantz.

31. Albiste hau eman zioten Davidi:—Ahitofel ere Absalomen alde ari da azpilanean.Orduan, esan zuen Davidek:—Otoi, Jauna, bihur itzazu hutsal Ahitofelen aholkuak.

32. Jainkoa gurtu ohi zuteneko gailurrera heldu zenean, Huxai arkitarra atera zitzaion Davidi bidera, jantziak urraturik eta burua hautsez beterik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 15